Giro bikaina izan zen atzo Azpeitian, Santo Tomas eguna ospatu zuten herritarrek, eta tradizioari eutsiz, txorizoa, txistorra, taloak eta baserritar jantziak izan ziren protagonista nagusiak.
Giro hotza izan zen arren, goizean goizetik jai giro ona izan zen herriko kaleetan, eta goizeko lehenengo orduetarako herrigunean autoa aparkatzeko lekurik ez zegoen.
Herriko plaza izan zen festaren ardatza eguerdi partean, bertan jarri baitzituzten urtero bezala, talo eta txorizo postuak. Aurten, zortzi postu jarri zituzten, eta taloak hiru postutan egon ziren salgai. Bestalde, herri kirol jaialdia eta bertsolariak ere bertan izan ziren bazkalordua aurretik. Atzoko kirol jaialdian, Joxe Mari Olasagasti aizkolariak istripua izan zuen: aizkora hautsi zitzaion eta hankan sartu ondoren, anbulatoriora eraman behar izan zuten. Ekitaldi gehienak herriko plazan bildu arren, herriko tabernak eguerdi partetik leporaino beteta zeuden.
Atzo, egun guztian zehar izan ziren ekitaldiak kaleetan, urterokoak gehienak. Hala ere jende ugari erakarri zuten guztiek. Gaur iluntzean amaituko dira Santo Tomasetako ekitaldiak, Txapelen omenezko bertso saioarekin. Saioa, Betharramdarretako aretoan izango da 22:30ean.