Asteazkenean (hilaren 29an) Euskadi selekzioak Serbiaren kontrako lagunarteko partida dauka Bilbon, San Mamesen (20:30), eta partida horren atarian hainbat euskal futbolarik Euskal Herriko selekzio ofiziala eskatu dute berriro. Haien artean dira Mikel Labaka eta Mikel Aranburu Realeko azpeitiar jokalariak (Berria, Gara).
Hain zuzen, biak Euskadi selekzioko deialdian sartu dituzte Jose Anjel Iribar eta Mikel Etxarri hautatzaileek.
---
Nazio bat garelako... ofizialtasuna!
Azken urteotako Euskal Herriko futbol selekzioaren egoera ikusirik, eta gai honen inguruan Euskal Herriko gizarte-eragile ezberdinek pasa diren asteetan egindako agerraldien ondotik, Euskal Futbol Jokalariok ere, geure ikuspuntua azaldu nahi dugu:
BAT. Gure helburua, Nazioarteko Futbol Federazioko (FIFA) kide izatea lortu eta gure selekzioak, Euskal Herriko Selekzioak, nazioarteko txapelketa ofizialetan herri gisara parte-hartzeko aukera izatea da.
BI. Nazio bat garelako nazioarteko txapelketa ofizialetan parte-hartzeko aukera izatea dagokigu. Eta noski, Nazioaz hitzegitean, Euskal Herriaz ari gara. Araba, Bizkaia, Gipuzkoa, Nafarroa Behera, Nafarroa Garaia, Lapurdi eta Zuberoakojokalari orok, gure selekzioarekin txapelketa ofizialetan jokatzeko aukera aldarrikatzen dugu.
HIRU. Badakigu, jabetzen gara, helburua lortzeko egiten ari garen bide honetan zailtasunak daudela, oztopo legalak besteak beste. Zentzu horretan, gai hauetan aditu direnen lana ere ezinbestekoa izango da.
LAU. Baina, bada beste gauzen artean bereziki kezkatzen gaituen gauza bat. Kanpotik jartzen dizkiguten oztopoen aitzakipean edo, geure buruari mugak jartzen ari ote garenaren sentsazioa sortzen zaigu sarritan. Zentzu horretan, Euskadiko Futbol Federakundeak daraman lan-ildoarekin ez gaude erabat ados. Gure esku dago, gure selekzioari nazio izaera ematea eta munduaren aurrean Selekzio Nazional bezala aurkeztea. Hori, gure borondatearen arabera lortuko dugun gauza da, eta horretan ezin dugu hutsik egin.
BOST. Kezka hauek argitzeko, eta informazioa lehen eskutik jaso ahal izateko, jokalariok Euskadiko Futbol Federakundearekin harremanetan jarri gara. Bapatean zuzendu beharreko adibide batzuk aipatzekotan: federazioak partiduak aurkezteko egiten dituen agerraldietan, selekzioari izaera autonomikoa emanaz "Euskadi" izena erabili ordez, "Euskal Herria" erabiltzea. Deialdia Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan soilik egin beharrean, Euskal Herri osoan euskal herritar guztiontzat egitea. Ereserki nazionala, euskararen erabilera, etab. Nork eraguzten digu gauza horiek behar bezala egitea?
SEI. Hitzez bada ere, federazioak gure eskaerak kontuan hartu eta aurrera begira ikuspegi berriarekin lan egingo duela agindu digu.
ZAZPI. Jokalariok, aukeratuak izan garen heinean, aurrerantzean ere, antolatzen diren lagunarteko partidetan jokatzeko prestutasun osoa azaltzen dugu. Betiere, zelaiko lanari bulegoetako eta beste esparruetako lana gehituko zaionaren itxaropenaz, bestela, partidak jokatzen jarraitzeak ez luke inolako zentzurik.
Durangon, 2006-12-22
Euskal Futbol Jokalariak
Azkeneko albistea (abenduak 24). Labakari elkarrizketa 'Gara'-n: "Oztopoak gainditzeko borondatea eskatzen dugu". Gara
egunkariak elkarrizketa egin dio Mikel Labakari gaur (abenduak 24) eta jokalariak garbi adierazi du ofizialtasunaren alde daudela jokalariak. "Oztopoak gainditzeko borondatea eskatzen dugu", esan du. "Isilik egotea hor dagoen aukera da, baina kezka geneukan, eta horrek bultzatuta eman genuen prentsaurrekoa. Nahiz eta oztopo legalak daudela badakigun, sentsazioa daukagu ahal den guztia ez dela egiten ari".