Lehendakariari Batasunako buruzagiekin elkartzeagatik ireki dioten zigor auzia dela-eta, Udalbiltza Euskal Herriko udal hautetsien biltzarrak, ondorengo hau adierazi nahi du:
-1. Elkarrizketa dela bakea eta normalizazio politikoa lortzeko tresna demokratiko oinarri-oinarrizkoena.
-2. Lehendakaria, Euskadiren ordezkari instituzional gorena, elkarrizketan aritzeagatik auziperatzea, botere judiziala politika demokratikoaren arloan behar ez bezala eta larriki sartzea dela eta lehendakariaren jardun politikoa kriminalizatzea, jardun horretarako izan denean demokratikoki aukeratua.
Alegia, eraso bat da gatazkak konpontzeko biderik demokratikoenaren aurka, hau da, elkarrekin hitz egitearen aurka; gure erakundeei egiten zaien eraso larria da eta, azken batean, euskal gizarte osoaren aurkako erasoa.
-3. Gure laguntza eta bultzadarik tinkoena Lehendakariari, bide batez eskatuz itxitzat eman dadila hark ordezkatzen duen hiritargoaren aurka irekia dagoen zigor auzia.
Horregatik guztiagatik dei egin nahi diegu Euskal Herriko hautetsi guztiei eta, oro har, euskal herritar guztiei datorren astelehenean, hilak 29, Bilbon Gure erakundeen alde izenpean egingo den manifestaziora eta, era berean, esku hartu dezatela helburu berarekin antolatuko diren ekimen guztietan, hala sinadura bilketak nola mozioak aurkeztea hainbat arlotako Erakundeetan.