Pasatu berri diren egun hauetan, poza sentitu dugu gure herritarrek eskaini diguten parte-hartzea ikusita. Egia da eguraldiak lagundu digula, baina bikain aritu dira haurrak, zaharrak, helduak eta gazteak.
Sansebastian jaietan berrikuntza batzuk sartzen ere saiatu gara aurten, hala nola, balkoietako zapiak eta harrera bikaina izan dute herritarren artean, balkoi askotan ikusi baititugu. Zapiak balkoietan jartzea ohitura bihurtzea gustatuko litzaiguke eta urtero ikustea gure herriko balkoietan.
Omenaldiak omenaldi, oroigarriak oroigarri, urte askotan lan asko egin izan duen jendeari merezi duena ematen edo eskaintzen saiatu gara. Zalantzarik ez dugu egiten norbaitekin ahaztuko ginela, edota beste norbaiti behar adina denbora ez diogula eskaini. Baina inork ez dezala pentsatu asmo txarrez egin dugunik.
Bateren batek esan digu, adibidez, Kepa Ibarzabali ez geniola denbora asko eskaini (ikus beheko iritzia). Uste dugu, guztiok dakigula Kepa Ibarzabalek zenbat lan egin zuen eta urte askoan gainera. Hori aitortu egin behar zaio hari, eta adibide horri bezala, beste askori ere bai. Beraz, itxaropena dugu jendea saiatuko dela ulertzen edota barkatzen.
Aurtengo sansebastianetan herritarrek edota parte-hartzaileek erakutsi duten jarrera eta umorea ezin hobeak izan dira. Hori da balio duena horrelako festa egunetan, azken finean herritarrek eginiko festa da eta hori ez dugu ahaztu behar.
.50 urte hauetan asko hazi eta hobetu da gure danborrada, eta horrelaxe jarrai dezala urte askoan.