Kontseiluak herriz herri egin duen Udalerrien Hizkuntza Politikaren neurketaren emaitzetako bat, neurketako 66 udaletatik Azpeitia rankinean lehen postuan dagoela izan da. Hori ona da azpeitiarrontzat; gutxienez, besteak baino hobeto gaudela esan nahi du.
Baina ez gaitezen engaina; Azpeitiari ere asko falta zaio oraindik euskararen normalizazio egoerara iristeko. Puntuaziorik altuena lortu du (6,82) baina, hala ere, ez da 7ra iritsi (hain zuzen, 7 puntu eskuratzeak definitzen du euskara lehenesteko eta sustatzeko Udalak egiten duen ahalegina, neurketa horren arabera). Baina, batez ere, Azpeitiaren egoera soziolinguistikotik oso urrun dago oraindik (herrian ia %90 garelako euskara dakigunak). Beraz, herrian oraindik asko dago egiteko, asko falta da.
Azpeitiko egoera. Uztarria Kultur Koordinakundearen ustez, udal neurketaren balio nagusia ez datza beste herriekiko konparazioan. Norbere herriko euskararen normalizaziorako bidean pausoak emateko tresna neurgarri bat izatea da bere funtzionalitate nagusia. Beste herriak egoera txarrean badaude, zer axola digu guri haiek baino hobeto egoteak, hala ere ondo ez bagaude? Neurketa egin den lehenengo aldia denez, berez ezin dugu Azpeitian jakin azkeneko urteetan egoera hobetu den ala ez. Dena den, inpresio orokorraren arabera, gaur orain dela urte batzuk baino egoera hobean gaude:
- Euskararen normalizaziorako planak daude herrian.
- Udal euskara teknikaririk ez zegoen 1998a arte. Udal Euskara Patronaturik ere ez.
- Euskalgintza orain urte batzuk baino egituratuago dago.
- Euskararen normalizazioan diru asko inbertitzen da.
Baina kontua ez da hori. Kontua da hemendik lau urtera berriro azterketa egiten denean, oraindik eta hobeto egon behar dugula. Eta handik lau urtera hobeto, eta beste lau urtera hobeto...
Horretarako, dagoeneko ez da nahikoa izango corpus juridiko egokia izatea, baliabide asko bideratzea euskararen normalizaziora, edo euskararen egoera orokorra ona izatea (Kontseiluaren iritziz, hizkuntza politika hiru osagaik zehazten dute. Lehenengoa, corpus juridikoa da, euskararen aldeko arau bilduma. Bigarrena, esleitu diren mota guztietako baliabideak: giza baliabideak, ekonomikoak eta administratiboak. Eta hirugarrena, euskararen egoera bera).
Lehenengoari dagokionez, corpus juridikoa betetzeko gaitasuna kontuan hartu beharko da. Izan ere, Azpeitian egundoko udal ordenantzak izan ditzakegu, baina ez badira betetzen, alferrik da corpus juridiko egokia izatea.
Baliabideei dagokionez, berriz, baliabide asko izan arren, horiek ez badira modu egokian erabiltzen, zaila izango da aurrera egitea. Merkataritza arloa lantzen teknikariak egon arren, horiek zerbitzu eskaintza egitera bakarrik mugatzen badira, agian aurrerapausoak emateko ez da nahikoa.
Eta euskararen egoerari dagokionez, lehen esan duguna: ona izan daiteke Tuterakoarekin konparatzen badugu baina, benetan ona izateko, urtetik urtera aurrerapausoak eman behar dira arlo guztietako erabileran.
Egoera soziolinguistikoaren eragina. Azpeitian euskararen ezagutza tasa handia da: %90 ingurukoa. Kontseiluak berak ateratako ondorioetan dioen bezala, udalek lortzen duten puntuazioa harreman estuan dago ezagutza tasarekin. Hori handia bada, erabilera handiagoa izango da, kontzientzia handiagoa. Horrek badu logika. Baina ezin gara babestu Azpeitiko egoera pribilejiatuan
. Aurrera egiten ez bada, atzeraka egiteko arriskua izango dugu.
Konpromiso garaia da. Arloz arlo konpromisoak hartzen hasteko garaia da. Azpeitian euskara normalizatuko bada, jendea konpromisoak hartzera animatu behar dugu. Enpresek, dendek, anbulatorioak, epaitegiak, udaletxeko kide eta langile orok, norbanakook... euskararen aldeko konpromisoak hartu behar ditugu. Euskaraz lan egiteak kalitate keinua suposatzen duela sinistu behar dugu.
Horretarako, euskararen normalizazioan lanean ari garenok erantzukizun handia dugu. Beraz, nola ez, erakunde publikoek ere bai. Eragile ezberdinak euskararen aldeko pausoak ematera bultzatu behar ditugu, bortxatu gabe betiere, baina etengabe animatuz eta zirikatuz. Ezin gara mugatu zerbitzu eskaintza hutsera. Azpeitiak, merezi duen puntuaziora iristeko, hori baino gehiago behar du.