Portugalgo automotore diesela Trenaren Museora ekarri dute

Uztarria.eus 2007ko ots. 12a, 12:02

Allan 301 automotorea museora ekarri zutenean

Oporto inguruetako lineetan ibili ziren gisa honetako automotoreak

Azpeitiko trenaren museoak automotorea zaindu eta erakusketan jarriko du

Trenaren Euskal Museoak bere unitate historikoen bildumari gehitu dio Portugaldik ekarritako automotore diesel berria. 301 zenbakidun automotorea Companhia dos Caminhos de Ferro de Portugal enpresak emana da eta Azpeitiko museoak automotorea zaindu eta erakusketan jarriko du.

1954ean Rótterdam-go (Holanda) Allan &Co. enpresak eraikitako hamar unitateen serietako lehenengoa da eta Portugalgo bide estuko trenbidea gaurkotzeko asmoz egin zuten. Serie honetako unitateak Oporto inguruetako lineetan ibili ziren, gaurko tranbien linea modernoen barruan dauden lineetan. Dueroko adarreko lineetan eta Vouga sisteman ere ibili ziren. 301 automotoreak, aitzinean, Portugalgo Aveiro con Viseu eta Santa Comba de Dao herriak lotzen zituen sare txikian eman zuen zerbitzua. 2003an utzi zion zerbitzua eskaintzeari.

Otsailaren 1ean ekarri zuten 301 automotorea Portugalgo Sernada do Vouga geltokitik Azpeitiko Trenbidearen Euskal Museora. Garraio berezia erabili zuten horretarako. Aurreikusita dago automotorea Azpeitia Lasao lineako tren historikoen zerbitzua indartzeko prestatzea.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide