Ibai Eder edo bailara galduaren balada

Xabier Aranguren 2007ko ots. 13a, 09:02

Xabier Arangurenek hil hasieran Berrian argitaratutako iritzia:

Urolaldea eta Goierri lotuko dituen autobide berriak harrapatuko dituen bazterrak bisitatuko ditugu

Gipuzkoa erdian kokaturik, Urolaren ibai adar hau Azpeititik Mandubiako mendateraino doa. Ur gardenak eta ohian ikusgarriak gelditzen dira oraindik, nahiz eta koniferak nagusi izan. Oraingoz nahiko basatia da, eta hamaika bazter interesgarri daude bertan bisitatzeko: baserri galduak, errota zaharrak eta harizti zabalak. Guk lehentasuna eman diogu autobideak edukiko duen ibilbideari; hain zuzen, bailara eta mendiak hartzen ditu.

Abiapuntua Urrestillako auzoan dago. Bertara iristeko arazo gutxi izango ditugu Azpeititik, autobus zerbitzu publikoa baitugu. Herriko plazatik irtengo gara, Kale Haunditik. Kale honetan dagoen iturriaren eskuineko kaletik Eizagirre auzora doan bidea hartu maldan gora, Eizagirre auzoko baserrien kartela dugula erreferentzia. Herritik irten eta berehala ikusiko dugu bailararen ikuspegia. Aunditiko bidea utzi, eta eskuinetik jarraituko dugu. Arregitxo baserria pasatu, eta aldapa gogortzen hasiko da. Orain ikuspegia Aratz erreka aldera da, Oñatz eta Samiñoko mendi kaskoen azpitik. Eizagirre baserriak mendi bizkarrean gelditzen dira. Leku eguzkitsua da, eta landa ugari ditu.

Bideari segituko diogu, eta laster, beste bide batekin topo egingo dugu, maldan behera. Berriro gora segituko dugu, Otalastegi baserriraino. Hemen, basoko pista hartu behar da, eskuinera. Bihurgune batzuk pasatu, eta pinu sail batean gaude orain. Loreto mendian gaude. Mendi adar hau Izaspiko ipar-ekialdeko hegaletik dator, eta Urrestillan bukatzen da. Loretoko gailurra gertu daukagu, pinu sailez inguraturik. Pistako aldapa bukatzear dago, eta hesi bat pasatuko dugu. Ezkerrean gelditzen dira mahai batzuk. Aurrerago, finka berberaren itxitura pasatuko dugu, eta handik pixka batera, bidegurutze bat hesi batekin, Loreto baserrira joateko. Baserri bakarti hau ia mendi gainean dago, eta oso urruti gelditzen da edozein baserri edo auzotatik. Ikuspegia, pinuak txikiak diren bitartean, dotorea du, Ibai-Eder aldera: Ilaun, Beizama, Murumendi eta Hernio.

Gainetik segitu, gurdibidetik hegoalderantz borda bat topatu arte. Ezkerreko gurdibidea hartu, berriro beste bide ttipi batetik eskuinera jo. 500 metro egin ondoren, beste itxitura bat, borda eta pagoak ikusiko ditugu. Hesiaren hertzetik jarraituko diogu bideari, Pagolagaña inguratuz, eta landa batera aterako gara. Gainetik, bide arrastoari segituko diogu, mendi gaina galdu gabe. Hemendik gertu dugu Pagolagañako tontorra eta bertatik ikuspegiak merezi du. Berriro Xamiño eta Izaspiko gailurrak eta hauekin batera Aizkorri, Murumendi, Beizama, Mandubia...

Baso aldetik monolaborantza nagusitzen da erabat, baserriaren atzerakadak eraginda gehienbat. Mendiko bordak jausi eta pistak ugaldu dira, eta hauekin batera pagadiak eta hariztiak desagertzen joan dira gainalde hauetan. Gailur gutxi ditugu beraz ikuspegiaz gozatu ahal izateko.

Begibistan dugun Korostortzu baserrira joko dugu. Mendi gainean kokatua dago eta ardiak eta ahuntzak ditu. Matxinbenta eta Aratz erreka arteko paraje hauetan segitzen dugu. Beste 500 metro egin eta Largararte baserriaren landetara helduko gara, mendilepo zabal batean kokatua. Gure gainean Izaspi nagusitzen da bere 975 metroekin.

Matxinbentako auzora jaitsiko gara, Igartza eta Bildotxola baserriak atzean utzirik. Auzo hau Azpeitia, Beasain eta Ezkio-Itxaso artean banatzen da. Otargileak mantentzen dira herrian. Leku lasaia da, baina lasaitasun hori desegin daiteke balizko autobide berria eraikitzen badute.

Segituko dugu Ibai-Eder erreka Nuarberuntz. Matxinbenta irteeran ikusten dira errota edo burdinola baten aurriak. Beherago Ibai-Ederreko urtegia aurkitzen da. Urtegi honek urperatu zituen bailara honen hainbat baserri: Marturio, Iburutxaga, Bentaberri eta Ansokalte. Bidegorri bat egiten ari dira urtegiaren ezkerraldean, baina lehendik ere badago urtegiari itzulia ematen dion bide bat. Urtegiak eduki zituen aurkakoak; egun bidegorri edo ingurugiro etxeez apaindurik dago.

Errepidearen eskuinean urtegiaren pareta gurutzatu eta maldan behera Nuarbera helduko gara. Hemendik Urrestillara errepide zaharretik joango gara, Makibat auzoa pasatuz. Oinez goazela Izarraitzeko mendi multzoa aurrean ikusiko dugu, eta Urrestillara helduko gara arazorik gabe.

Ikusi testua berria.infon

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide