Bidegorriko zoladura eta argiak jartzeko lanak hasi dituzte

Urola Kostako Hitza 2007ko ots. 14a, 10:02

Lanengatik bidea itxita Azkoitian

Azkoitia eta Azpeitia arteko bidegorriak 5 metroko zabalera izango du

Oinezkoentzat eta bizikletentzat izango da

(Urola Kostako Hitza)

Azkoitia eta Azpeitia arteko bidegorriko proiektuaren lanak egiten hasi dira eta, hori dela eta, itxita egongo da bidea datozen hilabetetan. Gipuzkoako Foru Aldundiaren Garapen Iraunkorrerako Departamentuko Ingurumen Zuzendaritza Nagusiak lehiaketa bidez esleitutako proiektuak 1.703.302,08 euroko aurrekontua du, guztira.

Bidegorriaren zati horretan eta oinezkoen pasealekuan zoladura berria eta argiak jarriko dituzte. Asfaltos Naturales de Campezo, S.A enpresak egingo du bidegorriko zati horren zoladura. Bideak bost metroko zabalera izango du. Oinezkoentzako 2,5 metroko pasealekua egingo dute eta, ondoan, balizaje batek bereiztuta, beste 2,5 metro zabalera izango duen, azken hori bizikletan dabiltzanentzat.

Bidegorriaren zolatzerakoan kontuan izango dituzte bizikletaren berezko berezitasunak, erabiltzaile mota guztiak eta bide horietan baimenduta dauden gainerako erabilerak. Era berean, kontuan hartuko dituzte alderdi hauek: gainazalaren erregulartasuna; labaintzearen aurreko erresistentzia egokia; ezbeharrak sor ditzaketen oztopoak saihestea edo bizikleta erabiltzeari ahalik eta era seguruenean egokitzea. Bidegorria zoladura ingurumenaren eta estetikaren balioen arabera egitea behartzen du Foru Aldundiaren araudiak.

Bidegorrien araudia

Gipuzkoako Batzar Nagusiek iaz onartutako bidegorriei buruzko Foru Arauaren proiektua estatuan gai honen inguruan egiten den lehenbizikoa da. Horrela, bizikletentzako bidea, hots, bidegorri kontzeptua, bide mota berri baten gisa hartu izan da Gipuzkoako ordenamendu juridikoan. Beraz, zehazteaz gain, izaera berezia eman die bidegorriei.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide