Nuarbe Sokatira Taldea denboraldi berria prestatzen

Urola Kostako Hitza 2007ko mar. 2a, 09:03

Nuarbe Sokatira taldeko entrenatzaile Iñaki Altuna bere dendan.

Urtarrilean hasi ohi badute ere, martxoan hasiko dute aurten denboraldia

Tiralari berrien falta izango da aurtengo arazo nagusia

(Urola Kostako Hitza)

Nuarbe Sokatira Taldea denboraldi berrirako azken prestaketetan sartuta dabil. Datorren astean egingo dute bilera eta aurtengo denboraldirako dituzten aurreikuspenez hitz egin du Iñaki Altunak, Nuarbe Sokatira Taldeko entrenatzaileak.

Iñaki Altuna nuarbetarrak hogeita hamar urte daramatza taldea gidatzen. Hasieran tiralari moduan hasi bazen ere, urtebetera, bizkarretik gaizki ibiltzen zela eta aukera sortu zitzaiola aprobetxatuz, entrenatzaile izatera pasa zen. Ordutik txapel ugari lortu ditu taldeak; iaz, esaterako, 680 eta 640 kiloko txapelketan garaipena lortu zuen.

Txapelak ateratzeko sekretuak honako hauek dira, Altunaren hitzetan: "Bakoitzak bere kontzientzia prestatzea, txapela hasitako urte berean ez ateratzea eta lau edo bost bat urte egitea, behintzat, egitea. Emaitzak berandu iristen diren kirola da, beraz".

Aurtengo denboraldia

Denboraldia urtarrilean hasi ohi badute ere, aurten martxora atzeratu dute, otsailean gelditu ezinik aritu direlako. Izan ere, tiralari kopuru aldetik nahiko larri dabiltza eta utzitakoekin eta utzi nahi dutenekin hitz egitea nahi dute. Egokiena, jokatzen dutenez gain, gutxienez hiru edo lau tiralari gehiago izatea denez, horiek ziurtatu nahi dituzte. Une honetan, beraz, jokalari horiek lotu nahian dabiltza.

Izan ere, lur gaineko sokatira modalitatea gogorra da. Tiralari berriak animatzen badira ere, bizpahiru urteko entrenamendua behar da txapelketetan parte hartzeko maila lortzeko. Eta, noski, lau urte horietan entrenamendua eta elikagaien kontrola ezin dira ahaztu. Honela, bada, "gaurko gazteek kirola egitea gustuko badute ere, sokatirak diziplina handia eskatzen du eta loturarik gabe, beren kasa kirola egitea nahiago dute" dio Altunak.

Beharbada, tiralarien eskasia hau, "lehenagotik konturik ez ateratzearen eta memento honetara arte jendea bilatzen ez saiatzearen ondorioz" gertatu dela aitortu zuen.

Inguruko taldeen egoera,antzerakoa

Gaur egun, Euskal Herrian bost sokatira talde daude: bi Bizkaian, bi Gipuzkoan eta bat Nafarroan. Bizkaikoak tiralari aldetik oso ongi badabiltza ere, besteetan ez da horrelakorik.

Eskolarteko sokatira txapelketak duela sei-zortzi urte indar izugarria eduki bazuen ere, gaur egun, pixka bat baretu da. Eta indarra baretzearekin batera, eskolartekotik Nuarbe Sokatira Elkarterako bidea eten egin da.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide