EBPNren Kudeaketa Planari ezetz esateko zazpi arrazoi

Uztarria Kultur Koordinakundea 2007ko mar. 2a, 12:03

Uztarria Kultur Koordinakundeak, Euskara Biziberritzeko Plan Nagusiaren (EBPN) baitan Azpeitiko Udaleko Euskara Patronatuak 2007rako prestatu duen Kudeaketa Planari ezezkoa emateko zazpi arrazoi ditu:

-1. Aurtengo Kudeaketa Planean ere (beste behin), Azpeitiko euskararen normalizazioan urte askotan zehar eragin handia izan duen Bai Euskarari Ziurtagiria ez da aintzakotzat hartzen. Ezta euro xentimo bakar bat ere Bai Euskarari Ziurtagiriaren bidez euren negozioa euskalduntzeko konpromisoa hartua duten azpeitiarrentzat.

-2. Aurtengo Kudeaketa Planak ere (beste behin), ez du kontuan hartu Euskara Biziberritzeko Plan Nagusia martxan jarri aurretik euskalgintza egiten ari zena. Bai Euskarari Ziurtagiriarekin lanean ari zen euskalgintza, beste herri askotan bezala. Baina azpeitiarrak ezberdinak izango gara nonbait, eta beste herri guztietan ez bezala, hemen Bai Euskarari Ziurtagiria alboratu eta Azpeitiko Udalak Ziurtagiri berri bat sortu zuen, Euskalgintza eta Udalaren arteko haustura eraginez.

-3. Aurtengo Kudeaketa Planean ere, martxan diren proiektuei buruzko informazio handirik ez dugu. 2006ko Kudeaketa Planaren balorazio ziztrinenik ere jaso ez dugunean, proiektu horien jarraipenerako (gehienbat) 366.000 euroko aurrekontua aurkeztu digute. Eta ezin jakin ba, merezi duen edo ez. Ekintza planak baliagarriak diren ala ez.

-4. Aurtengo Kudeaketa Planean ere herriko arlo ugari ukitzen da. Baina guri, behinik behin, ez zaigu ez arloz arloko urteko helbururik eta ez helburu horiek betetzeko eperik aurkeztu.

-5. Aurtengo Kudeaketa Planean ere ez da aurkeztu arloz arlo konpromisoak hartzera animatzeko planik. Are gutxiago balizko konpromiso horiek betearazteko neurririk.

-6. Aurten ere, aurkeztu ziguten Kudeaketa Planaren zirriborroa ez zen zirriborroa. Euskara Patronatuak bere kasa, inorekin kontrastatu gabe itxitako Kudeaketa Plana zen. Proposamenentzat ez zegoen toki handirik, dirua zertan eta zein enpresekin gastatu erabakita zegoelako.

-7. Aurten ere, urtean zehar edozertarako prentsaurrekoak maiz erabili arren, Euskara Patronatuak Kudeaketa Plana prestatzerakoan komunikazioari ez dio batere garrantzirik eman. Aholku Batzordea badago (Uztarriak ere hartzen du parte), baina mementoz aholkuak emateko ere ez da baliagarri.

Horrengatik guztiagatik, aurten (ere) Uztarria Kultur Koordinakundeak ez du babestuko Azpeitiko Udaleko Euskara Patronatuak proposatu duen Euskara Biziberritzeko Plan Nagusia gauzatzeko 2007ko Kudeaketa Plana.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide