Errementariaren mailuarena egitera nator, Uztarriaren izenean EBPNren Aholku Batzordean parte hartzen duen kidea naizen aldetik, Ana Mendizabal Udaleko Euskara eta Kultura batzordeburuari erantzunez:
1- Ez da egia Bai Euskarari euskara bultzatzeko bide bakartzat dugunik. Baina egiari zor, zuek zuen egiaztagiria sortu zenutenean, ez zenuten kontutan hartu ordura arte euskalgintza egiten ari zena. Ez zenuten Bai Euskarari Ziurtagiriaren aldeko keinu txikienik ere. Eta zuen ahotan hainbeste darabilzuen "bikoizketa" eragin zenuten, ziurtagiri berri bat sortuz. Eta erabakia zuek bakar-bakarrik hartu zenuten.
2- Ez da egia Bai Euskarari Ziurtagiria alde batera utzi zenutela ziurtagiriagatik dirua kobratzen zelako. Kobratzea ekiditeko planteamenduak egin ziren, baina ordurako beste ziurtagiri bat sortua zenuten. Erabaki politikoa izan zen.
3- Kontseiluaren azterketaren ondorioz, emaitzarik onenak Azpeitiko Udalaren hizkuntza politikak lortu dituela esatea, asko esatea da. Herriaren egoera linguistikoak ere izango du ba eraginik Azpeitia aurrean egotean, ez? Akabo atzean egon behar bagenuke.
4- Ez da egia Uztarriak EBPNri buruzko informazio eta txosten guztiak dituenik. Esaterako, enpresak euskalduntzeko 2007an bideratuko diren milaka euroekin ezarri diren helburu, epe eta prozedurei buruzko ezer ez da aurkeztu Aholku Batzordean. Ezta 2006an enpresekin zer egin den ere. Agian dena oso ondo ari zarete egiten. Baina guk ez dakigu. Azpeitiko Hizkeraren azterketan azken bi urteotan zer egin den ere ez dakigu (portzierto, bere garaian Uztarriak proposatutako azterketa). Eta abar...
5- Aholku Batzordeari dagokionez, Kudeaketa Planeko ildo nagusiak erabakita ekarri izan dituzue, berandu eta aldatzeko aukerarik gabe. Gustatzen ez zaizkizuen proposamenak (Bai Euskarari kasu, gaia "zanjatuta" omen dago) eztabaidatzeko aukerarik ere ez dago. Guztion artean erabaki beharrean zuek erabakitzen dituzue ildoak, bakar-bakarrik, eta ondoren aurkeztu Aholku Batzordean.
Finean, eta polemika publikoetan sartzeko inongo asmorik gabe, gure ustez partehartzea bultzatu ez duen eredu bat darabilzue. Hori da guk kritikatzen duguna, aurrez-aurreko bileretan zein komunikabideetan.
Mikel Arregi (Uztarria Kultur Koordinakundeko kidea)