Gezurra esan nuen Azpeitian...

Ana Mendizabal Muguruza (Azpeitiko Udaleko Euskara eta Hezkuntza batzordeburua) 2007ko mar. 16a, 14:03

Azpeitiko AEK-k eta EHEk taldeek Udal Euskaltegiari buruz esandakoa gezurra da

EAJk AEKrekin "jarrera zapaltzailea" izan duela salatu zuten martxoaren 14an AEK eta EHE erakundeek

"Gezurra esan nuen Azpeitian eta ni baino lehenago zen atarian" esan beharko dugu hemendik aurrera Azpeitiko AEK-k eta Azpeitiko Euskal Herrian Euskaraz taldeek Udal Euskaltegiari buruz esandako gezur ustelak salatzeko.

Gezurrak beti du hanka motza:

Gezurra da AEK-k eta EHE-k diotena: "Ikasturte honetan AEK-k Azkoitian udal-euskaltegiak ordura arte eskaintzen ez zuen zerbitzu bat jarri zuen martxan, talde sendoa osatzea lortu zuelarik. Hori ikusita, Azpeitiko Udal Euskaltegiak zerbitzu bera eskaintzea erabaki zuen Azkoitian, AEK-ko ikasle asko bereganatuz, konpetentzia desleiala dela eta".

-1. Udal Euskaltegia orain 23 urte sortu zen Azpeitian eta, Azkoitiko Udalak hala eskatuta, azkenengo hamaika urteetan, 1996. urtetik, etenik gabe ari da euskarazko eskolak Azkoitian ematen. Udal Euskaltegiak azken 11 urteotan urtero-urtero talderen bat izan du Azkoitian euskarazko eskolak emateko. Datu hauek Eusko Jaurlaritzaren HABE erakundearen matrikulazio erregistroan daude.

-2. Aurtengo ikasturtean Udal Euskaltegiak ikastalde bakarra du Azkoitian, 11 ikaslez osatua. 11 ikasle horietatik 8 aurreko ikasturteetan Udal Euskaltegian matrikulatutako ikasleak dira. Datu hauek Eusko Jaurlaritzaren HABE erakundearen matrikulazio erregistroan daude.

Beraz, AEK-k eta EHE-k diotena gezur hutsa da. AEK-k eta EHE-k Udal Euskaltegiaren izena kakaztea beste helbururik ez dute. Lagun urkoaren aurkako gezurrak zabalduz "euskararen alde" lanean ari dela sinisten duenak mesede kaskarra egiten dio gure herriari.

Gainera, harrigarria da (edo ez) AEK-k eta EHE-k Udal Euskaltegiaren eta Azpeitiko EAJren aurkako salaketa urte sasoi honetan egitea: ikasturtea orain dela 7 hilabete hasita dagoenean eta hauteskudeetarako bi hilabete besterik geratzen ez direnean.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide