Urola Kostan euskarazko telebista sortzeko asmoz, Hamaika Telebista Hedatzeko Taldeak hitzarmena sinadu du Urola Kostako Komunikabideak enpresarekin (Zarautz Telebista izan denarekin) eta gaur eman dute akordioaren berri, Bilbon.
Harekin ez ezik, Goiena (Debagoiena), Tolosaldeko Komunikabideak, Goierri Ikuskari eta Oizmendi Telebistarekin (Lea-Artibai Busturialdea) ere sinatu du hitzarmena. Hamaika Taldeak enpresa horietako bakoitzean parte izango du (%5).
Orain, lurreko telebista digitala lortzeko eskaera egingo dute Eusko Jaurlaritzan. Hain zuzen, ostiralean hasiko du Jaurlaritzak lizentziak esleitzeko prozesua. EAEn hamabost eremu finkatu ditu horietako bat Urola Kosta da eta bakoitzean lau lizentzia banatuko ditu.
Irailean aurkeztu zuten Hamaika Taldea, eskualdeetan euskarazko telebistak sortzeko eta bultzatzeko helburuarekin. EKT (Berria
egunkariaren jabea eta Hitza
egunkarietako bazkideetakoa), CMNT (Deia
eta Noticias
taldea), EKHE taldea (Gara
eta Euskal Herriko kazeta
egunkariak), Euskaltel, Elkar argitaletxe eta banatzailea, eta Bainet ekoiztetxea elkartu dira. EKTk, CMNTk, EKHEk eta Euskaltelek enpresaren jabetzaren %20na dute, eta Elkarrek eta Bainetek %10na.