Alejandro Gomez, Diego Garciaren aita eta Fernando Tapia omenduko dituzte maratoi erdian

Uztarria.eus 2007ko mar. 20a, 15:03

Hilaren 31n izango da Azkoitia-Azpeitia; gaur aurkeztu dute

Sei urte dira Diego Garcia lasterkalaria hil zela

Azkoitia-Azpeitia maratoi erdiko antolatzaileek urtero lagun batzuk gogoratu nahi izaten dituzte, omentzeko, eta aurtengo edizioan Alejandro Gomez atleta, Diego Garcia lasterkalariaren aita zena (abuztuan hil zen) eta Fernando Tapia zena (orain dela aste batzuk hil zen azkoitiar pilotari eta hautatzaile izandakoa) omenduko dituzte.

Diego Garcia bera hil zela sei urte dira. Martxoaren 31 zen eta entrenatzen ari zen Azpeitia eta Azkoitia arteko bidean. Alejandro Gomez ari zen harekin lasterka. Loiola parean bihotzekoa izan zuen Garciak —atletismo profesionala utzi berria zen— eta hil egin zen. Haren omenez antolatzen dute geroztik proba.

Aurten ere martxoaren 31n izango da maratoi erdia, eta gaur aurkeztu dute. 14. edizioa izango da.

Iaz lortu zuten partaidetzarik handiena (1.133 atleta) eta aurten ere hortxe ibiltzea espero dute. “Goraka joan nahi dugu baina hau proba herrikoia dela ahaztu gabe, eta hori beti zainduko dugu”, esan du Jose Mari Flores antolatzaileak.

16:30ean hasiko da, Azkoitian, eta helmuga Azpeitian Loiola Hotelaren parean izango da. 21 kilometro eta 97 metroko ibilbidean ez da aldaketarik izango.

Parte-hartzaile batzuen izenak ere eman dituzte gaur: gizonezkoetan Silas Sang, William Chebor eta Joseph Enderitu kenyarrak, Kamel Ziani oriotarra…; emakumezkoetan Yesenia Centero kubatarra, Pamela Chepchumba kenyarra, Teresa Pulido espainiarra, Fernanda Riveiro portugaldarra…

Izen-ematea

Lasterketarako izen-ematea eskualdeko hainbat dendetan egin daiteke. 15 euro ordaindu beharko dira, eta Azpeitian Aradi eta Aitzaki kirol dendetan egongo da horretarako aukera. Izena Internet bide emanez gero, 13 euro ordaindu beharko dira. Lasterketa egunean bertan ere aukera egongo da: 11:00etatik 13:00etara egin beharko da, Hotel Loiolan edo Azkoitiko Udaletxearen arkupetan.

Izen-emateaz informazio gehiago hemen

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide