Labaka: "Jarraitzaileak dira denboraldi honetan maila ematen ari diren bakarrak"

Urola Kostako Hitza 2007ko mar. 21a, 12:03

Zaleek jarrera "txalogarria" dutela pentsatzen du, emandako babesa eskertuz.

Realak, 40 urte eta gero, Espainiako Bigarren A Mailara jaisteko arriskua du

Hala ere, itxaropentsu dago futbolaria

Reala bere denboraldirik onenean ez dagoela agerikoa da, baina Mikel Labakak (Azpeitia, 1980) tartea hartu du galdera batzueri erantzuteko.

Zenbat denbora daramazu Realean jokatzen lehen mailan?

Aurtengoa hirugarren denboraldia dut. Realean jubeniletan hasi nintzen, 16 urte nituenean. Handik bi urtera Sansen hasi nintzen, hiru urte beranduago Real Unionen eta han urtebete egin ondoren Ciudad de Murcian (Espainia). Azkenean, duela hiru urte etorri nintzen Realeko lehen mailara.

Eta hau al da zure denboraldirik txarrena?

Bai, futboleko jokalari bezala, aurtengoa da izan dudan urterik txarrena; urte osoan gaudelako jaitsiera postuetan eta oso egoera zaila bizitzen ari garelako.

Onena, berriz, zein izan da?

Denboraldi onena, sailkapen aldetik, Real Unionen nengoenekoa izan zen. Izan ere, 2B mailako lehenengo postuan bukatu genuen, 2A mailako play off-etan jokatuz.

Mementoei dagokienez, txarrena Ciudad de Murcian min hartuta egon nintzenekoa izan zen. Hasiera batean, belauna puskatuta nuela eta sei hilabetean ezingo nuela jokatu esan zidaten. Azkenean, ordea, ez zen hainbesterako izan. Mementorik onena, berriz, Realarekin lehenengo mailan debutatu nuen eguna izan zen.

Zer gertatuko da aurtengo denboraldian?

Oraindik asko geratzen da. Salbatuko gara. Nahiz eta egoera zaila ikusi, ni baikorra naiz.

Zerk uste duzu huts egiten duela, ezerk huts egiten badu?

Ez da gauza bakarra huts egiten duena. Nik uste, gauza asko ongi ez egitearen ondorioa dela; eta, noski, hor jokalariok ere badugu erantzukizuna

Taldean nolako giroa dago jokalarien artean? Eta entrenatzailearekin zer moduz moldatzen zarete?

Nahiz eta sailkapenean egoera txarra eduki, jokalarion artean beti egon izan da giro ona. Eta orain, gauzak hain ondo ez doazenean ere, mantendu egiten da. Hori, oso positiboa dela iruditzen zait. Jendea kontzientziatuta dago daukagun egoerarekin, eta aurrera ateratzeko prest dago.

Lotinarekin ere oso giro ona dago. Berak bazekien taldera etorri aurretik zegoen egoera.

Zein da kinka honetan egotearen alde txarra? Aurpegi onik ba al du?

Kinka honetan egotearen alderdirik txarrena, 40 urte eta gero, bigarren mailara jaisteko arriskua izatea da. Gainera, egoera honetan ez da futbolarekin hainbeste gozatzen eta jokalarioi ere maila ematea askoz gehiago kostatzen zaigu. Bestalde, alde ona baino gehiago, egoera zail honetan ere talde bezala funtzionatzeko gai garela erakutsi izana poztekoa da. Elkarren artean ez da ezinikusirik sortu, egoera antzekoetan, zenbait taldetan gertatzen den bezala. Hau da, elkar babestu eta animatzen ari gara.

Lehenengo mailan egon edo bigarrenean egon, zure egoera asko aldatuko dela uste al duzu?

Noski, egoera beti da ezberdina lehen mailan egon edo bigarrenean egon. Nik, nire aldetik, lehenengo mailan egon edo ez egon bertan jarraitzeko asmoa eta gogoa daukat.

Beste talderen batek eskaintza egingo balizu zer erantzungo zenuke?

Memento honetan ez naiz horretan pentsatzen ari, eta gutxiago gauden egoeran. Esan bezala, ni oso gustura nago taldean eta, nola ez, kontratua betetzeko eta bertan jarraitzeko asmoa dut.

Erraza al da egoera honetan kalean ibiltzea, jendeak zer dio?

Beno, denoi gustatzen zaigu gauza onak eta positiboak aditzea. Eta normala den bezala, memento honetan denek kezka horregatik galdetzen didate: ea salbatuko ote den... Ulertzekoa da jendeak kezka hori izatea eta galdera horiek egitea. Denoi gustatzen zaigu gauza onak entzutea baina, azkenean, gauden egoera gauzak ongi egiten ari ez garelako dugu. Eta geu ondo egiten ari ez garen hori jendeak islatzen du. Gainera, Azpeitian nahiz eta jendeak kezka hori azaldu errespetua adierazten du, eta alderdi horretatik nik kexarik ez dut.

Zer esango zenieke jarraitzaileei?

Lehenengo garbi utzi nahi nieke egoera honetan egotearen errua jokalarien errua dela neurri handi batean. Jarraitzaileak azken partidetan eta denboraldi osoan partidak amaitu arte animatzen aritzea txalogarria dela iruditzen zait. Jarraitzaileek ez dute inongo errurik egoera honetan, eta aurten maila ematen ari diren bakarrak beraiek direla esan nahiko nieke Eta eskertu egin nahi diet babes hori eman izana, une hauetan inoiz baino gehiago eskertzen baita.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide