Azpeitian Aralar eta Ezker Batua-Berdeak alderdiek koalizioa osatu dute eta Juan Carlos Arellano aukeratu dute datozen udal hauteskundeetarako zerrendaburu. Arellanok gaur (ostirala) adierazi duenez, "aspaldiko urteetan bide bakarreko jarrerak izan dira Udalean" eta, horren aurrean, alternatiba "erabakigarri eta eraginkorra" bihur daiteke koalizioa.
Aralar-EBko koalizioko hautagaiak Azpeitiko "etxebizitza eta ondare politikak" gaitzetsi ditu. Herriko ondareari dagokionez, Antxieta Etxean tutelatutako etxebizitzak jartzea eta Basazabal Jauregia hotel bilakatzea ez dela egokia deritzo. Ildo horretan, Basazabalen interpretazio zentroa zabaltzea proposatu du "herriko ondare historikoa eta pertsonaia esanguratsuak ikertzeko". Alde zaharra biziberritzeko plana dela-eta, uste du hotela zabaltzeak ez duela helburu hori beteko.
Haren ustez, Azpeitian dauden mila etxebizitza hutsei ez dio Udalak irtenbide egokia eman. Etxebeltz-Izarra eremuan eraiki nahi dituzten 208 babes ofizialeko etxebizitzei dagokionez, "proiektu horren atzetik beste interes bat" dagoela uste du Arellanok.
Aralar-EB-Berdeak koalizioko zerrendaburuaren iritziz, "alokairu soziala eta jasangarritasuna sustatzea izango lirateke Alde Zaharra eraberritzeko plan eraginkorrak". Horren guztiaren harira, datozen lau urteotan etxe publikoak soilik eraikitzea proposatu du Aralar-EBko alkategaiak.
Koalizioak ez du bere beste hautagaien izenik eman.