Egitarauaren barruan emakumeentzat autodefentsa ikastaroa antolatu genuen. Emakumeok indarkeria matxistaren aurrean geure burua defendatzeko beharrezkoa zaizkigun neurriak nola hartu erakusteko ikastaro bat izan da, ez da indarkeri polizialaren aurrean, edo beste mota bateko erasoen aurrean gure burua defendatzeko, espezifikoki gizonen eskutik jasaten dugun indarkeriaren aurrean defendatzeko baizik. Bortxaketa baten aurrean, autobusean albokoak disimuluan ipurdian ikutzean, auto-stop egitean suertatzen diren egoeretan, garagardo batzuen aitzakian edozer esan eta ikutzen zaituzten babosoen aurrean, gure ondoan dagoen emakumea erasotua dela ohartzen garenean, gaueko 3etan leku ilun batetik pasatu eta beldurra sentitzean, norbaitek jarraitzen gaituenean, eraso berbalak entzuten ditugunean eta honelako beste hamaika kasuren aurrean gure buruarekin seguruago sentitzeko eta geure burua defendatzeko bitartekoak emateko ikastaro bat da wen-do autodefentsa ikastaroa.
Ikastaroan zehar ikusi dugu mota honetako erasoak emakume guztiok behin baino gehiagotan jasan ditugula, geure artean beste bati gertatu zaionenan hartutako jarrerak aztertu dira, eta orokorrean emakume izate hutsagatik sufritzen dugun indarkeria honi aurre egiteko, geure buruarekin seguruago sentitzeko eta benetan defendatzeko gai garela ohartzeko baliagarria izan da. Emakumeok gizonen eskutik jasaten dugun indarkeriagatik bizi dugun errealitate bati aurre egiteko antolatutako ikastaro bat da, emakume guztiok sufritzen dugun indarkeria mota da, kolektibo bezela jasaten duguna eta honen aurrean gure arteko elkartasuna indartzea ezinbestekoa iruditzen zaigu. Ondorioz emakumeei zuzenduta dago eta gizonak bertan egoteari ez diogu inolako zentzurik aurkitzen. Gizarte patriarkalari bere ordena mantentzeko ezinbestekoa zaio emakume eta gizonen artean egiten den rol banaketa honekin jarraitzea. Non emakumea ahula, sentikorra, laguntzailea, ulerkorra etab. izatera behartuta dagoen eta aldi berean gizona gogorra, segurua, indartsua, arrazionala eta sentikortasunik gabea izatera behartuta dagoen. Gizarte patriarkalak modu honetan harreman hierarkikoak eraikitzen ditu bi generoen artean eta gizona erabiltzen du emakumea zapaltzeko, zentzu horretan gizonak ere zapalduak daudela ulertzen dugu. Gizonak ere rol espezifiko batzuk betetzera behartuta daude, ezin dute ahulunerik izan, dena jakin behar dute, besteak baino hobeak direla demostratu behar dute Honen aurrean hasiak dira zenbait gizon gizarte egitura honek betetzera behartzen dituzten rol-en inguruan hitzegiten, hausnartzen eta maskulinitatearen beste ikuspuntu bat garatzen. Gizon tailerrak osatu dira, gizonezkoek soilik parte hartzen dutenak. Azken finean emakumeok ez dugu zapalkuntza mota hori bizi eta lehendabizi beharrezkoa da gizonek beren aldetik hausnarketa egin eta jarrera berriak hartzea. Tailer hauetan emakumeok egoteak zentzurik ez duen moduan ez diogu zentzurik hartzen emakumeen kontrako indarkeria sexistaren aurrean autodefentsa lantzen den tailer batean gizonak egoteari.
Emakumeok zapalduak izatetik askatu behar dugun modu berean gizonak zapaltzaileak izatetik askatu behar dira, bien askapen prozesua desberdina da. Guk zapalduak izatetik askatu behar dugu, eta geu izan behar dugu gure borroka aurrera eramango dugunak. Gaur egun emakume ugari daude beraien zapalkuntza ikusi ere egiten ez dutenak, horregatik emakumeok geure artean biltzeko, hausnartzeko, gure kontzientziak astintzeko, geure arteko elkartasuna indartu, emakume izateagatik jasaten ditugun eraso eta diskriminazioen aurrean bakarrik ez gaudela sentitu eta gizarte justuago batengatik borrokatzeko espazio propioak izatea ezinbestekoa dugu. Modu berean gizon batzuk hasi dira beraien espazio propioak sortu eta beraien rol-en inguruan hausnartzen, jarrerak aztertzen eta beste harreman eredu batzuk eraikitzeko pausoak ematen. Gaur egungo errealitatean geure espazio propio hauek behar beharrezkoak direla garbi ikusten dugu. Hauetan ematen diren hausnarketa eta borroken bidez iritsiko da momentua elkarrekin batu eta gizarte parekide bat eraikitzeko.
Borroka feminista urteetan ari da gizarte patriarkalak emakumeei ezartzen dien zapalkuntzaren aurka borrokan. Emakumeon eskubideen aldeko borroka izan da beti, borroka honen barruan korronte desberdinak daude baina beti oinarritu da emakumeon aldeko borrokan eta ez da inoiz izan, ulertarazi nahi diguten moduan, gizonen aurkako borroka bat. Emakumeok geure eskubideak lortuko bagenitu familia unitatean oinarritutako gizarte egitura hau hankaz gora geldituko litzateke, ekonomikoki izugarrizko gastua suposatuko lioke gizarteari (eremu pribatuan ordaindu gabe egiten dugun lan guztia gizartearen erantzunkizun moduan hartuko balitz, etxeko lanak, gaixo eta ezinduen zaintza, ), dirutza handia suposatuko luke gastu sozialei dagokienean. (Emakumeok ordainduak izan gabe egiten dugu lan guzti hau).
Ez zaie komeni borroka feministak indarra hartzea, eta horregatik behin ta berriz saiatzen dira feminismoaren aurka egiten. Feminismoa: matxismoaren aurkakoa bezelako mezu faltsuak eta aldiberean oso ulerterrazak (azaleko analisi batekin geureganatzeko modukoak) zabaltzen dituzte, urteetako borroka feminista ezagutu ere egin gabe gutxietsiz.
Jendeari azaleko analisi hauetan ez gelditzeko eskatu nahi diogu. Zerbaiti buruz hitzegitean lehendabizi zer den informatzeko eta zergatik planteatu den planteatu den moduan ulertzeko. Tailer bat emakumeentzako bakarrik izateak, eta gizonek bertan parte hartzeko aukerarik ez izateak gizarte parekide bat eraikitzeko beharrezkoak ditugun emakumeen espazio propio bat sortzea du helburu, emakume izatearen errealitatetik abiatuta geure buruak ezagutzeko, bakarrik ez gaudela ohartu eta gure arteko elkartasuna indartzeko, hausnartzeko eta garatzeko... Gauzak antolatzeko moduak bere arrazoiak ditu eta azaleko analisi hutsak alde batera utzi eta modu sakonagoan aztertu behar direla iruditzen zaigu. Tailer hori emakume eta gizonentzat antolatzea berdintasun itxura bat betetzea litzateke eta itxura betetzea ez da inolaz ere gure helburua. Indarkeria matxistaren aurkako autodefentsa ikastaro bat emakume ta gizonentzat batera antolatu dezakegunean benetan indarkeria hori existitzen ez delako izango da, eta orduan ia ez da beharrezkoa izango.
Besterik gabe, hurrengo batean bertan parte hartzera deitzen zaituztegu oraingoan animatu ez zaretenok eta ikastaroak erakusten digunaz baliatzeko eguneroko bizitzan emakume izateagatik jasaten ditugun diskriminazioak identifikatu eta erasoei aurre egiteko.
AZPEITIKO EMAKUME TALDEAK eta AZPEITIKO BILGUNE FEMINISTA