Trenaren Euskal Museoak lurrun trenen 20 zerbitzu eskainiko ditu Aste Santuan

Uztarria.eus 2007ko api. 3a, 13:04

Apirilaren 15etik 9ra, egunero, lau zirkulazio eskainiko dituzte

Euskal trenbidearen historia ikusi ahalko da Azpeitiko museoan

Trenaren Euskal Museoak, aurtengo Aste Santuan, Lurrun Trenen 20 zerbitzu eskainiko ditu. Urte sasoi honetan pilatzen den jende kopuru handia dela eta, Azpeitiko Museoak (Julian Elorza 8) aurreko urteetako lurrun trenen eskaintza bikoiztea erabaki du.

Apirilaren 5etik (Ostegun Santua) 9ra bitartean (Paskoa astelehena), Museoak, egunero, lau zirkulazio eskainiko ditu. Hona hemen trenen irteera orduak: 12:00ak, 13:00, 17:30 eta 18:30ak. Museoak ondorengo ordutegia eskainiko du jendearen harrerarako:

• Goizez: 10:30etik 14:00etara.

• Arratsaldez: 16:00etatik 19:30era.

Euskadiko trenbidearen historia ezagutzeko aukera eskaintzen da Trenaren euskal museoan. Iraultza industrialarekin abian jarri ziren lehen trenetatik hasi eta Bilboko metroko unitate modernoak ere ikus daitezke. Baita ere, antzinako tranbia elektrikoen funtzionamendua ezagutu daiteke.

Museoan mota guztietako ibilgailuak aurki daitezke: lurrun lokomotorak, tranbiak, trolebusak, mota askotariko automotore eta bagonetak. Halaber, Urolako Trenbidearen Antzineko tailer mekanikoaren barruan makina-tresnaren gaineko erakusketa dago. Tailer hau 1925ean eraiki zenean bezalaxe dago gaur egun. Motore elektriko zahar batek bertan dauden 16 makinak mugiarazten ditu polea, uhal eta barren sistema konplexuen bitartez. Eusko Jaurlaritzaren Garraio eta Herri Lan Sailaren esku dagoen EuskoTren Sozietate Publikoak kudeatzen du, egun, Trenaren Euskal Museoa.

Informazio gehiago nahi dutenek Museoaren telefonora dei dezakete: 943 15 06 77.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide