Nuarbek ez du talderik aterako lur gaineko denboraldian

Uztarria.eus 2007ko api. 13a, 11:04

Ez du nahiko tiralari lortu

Sokari tiraka aritu da 29 urtez etenik gabe

Hilabete barru hasiko da Euskal Herriko lur gaineko sokatira txapelketa. Azpeitiarroi nahiko ezaguna egin zaigu herri kirolen artean sokatira. Nuarbe sokatira taldea 1979. urtean sortu zenetik hona egindako lanarengatik egin izan zaigu ezagun segur aski. Aurten, hala ere, Nuarbek ezin izango du parte hartu lur gaineko txapelketan.

Taldea osatzeko tiralariak falta izana argudiatu dute Nuarbe sokatira taldekoek txapelketan parte ez hartzeko arrazoitzat. IƱaki Altuna, Nuarbeko entrenatzaileak azaldu du azken urteetako arazoa izan dela jende faltarena. "Azken sei urteetan beherakada nabarmena eman du taldeko kideen kopuruak. Azkeneko bi urtetan oso justu ibili gara" dio Altunak. Iaz bederatzi tiralarik osatu zuten taldea eta Altunaren arabera, bederatziko taldea da "gutxienekoa" lehiaketan parte hartzeko. "Aurten zazpi lagun besterik ez geunden. Beteranoek poliki-poliki utzi egin behar izaten dute taldea eta gazte gutxi hurbildu izan zaigu".

Nuarbekoak Euskal Herriko txapeldunak izan dira pisu guztietan, bai lur gaineko modalitatean eta baita goma gainekoan ere. Horrez gain, Europako eta Munduko txapel bat baino gehiago ere ekarri dituzte herrira. "1980. urtetik 2004. urtera arte jokatutako txapelketa guztiak irabazi ditugu. 2005ean, Euskadiko Txapelketan 3 kategoriatan parte hartu eta bi galdu genituen" dio Altunak. Hori izan zen Nuarbe sokatira taldearen lehendabiziko porrota 29 urte luzeko ibilbidean.

Nuarbe sokatira taldeak 30. urteurrena beteko du aurten. Asmoak eginak zituzten ospakizun honetarako. Horien artean, "Euskadiko txapelketan hiru txapelak irabaztea" azaldu du taldeko kideak. Pena apur bat ematen diola aitortu du, baina, esan du ez dutela baztertzen datorren urtean berriro taldea eratzeko ahaleginik egingo ez dutenik.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide