Gipuzkoako Foru Aldundiak jakinarazi duenez, Altuna y Uria enpresak egingo ditu Azpeitiko saihesbidearen lehen zatiari dagozkion lanak eta udaberrian hasiko dituzte.
Zehazki, Landetako eta Atxubiagako biribilguneen arteko lanak egingo ditu Azpeitiko enpresak. Egin beharreko ibilbideak kilometro bateko luzera du eta 6,9 milioi euroko aurrekontua. Diputazioak azaldu duenez, 11 hilabeteren barruan bukatuko dituzte lehen zatiko lanak.
Saihesbidearen lehen partea Landetako errotondan hasiko da, GI-631 eta GI-2635 errepideak batzen diren gunean, eta gaur egungo errepidearen gainean, Azkoitiko noranzkoan, 210 metro egingo ditu. Ondoren, Zabaletxeko errotondarekin lotuko da eta handik Larreko industrialdea zeharkatuko du, Atxubiagako errotondarekin bat egiteko. Lanek 300 metro aurrerago jarraituko dute, gaur egungo errepidea egokitzeko.
Errotonda berria
Zati horretan egingo den errepide berriak 3,50 metroko bi bide eta 0,50 eta 1,25 metroko bazterbideak izango ditu. Egokituko den errepideak ere 3,50 metroko zabalerako bi bide izango ditu, baina metro bateko bazterbideak. Ibilbide guztian bi metro zabalerako espaloia ere egingo da.
Ibilbidean errotonda berri bat ere aurreikusi dute, Zabaletxen egingo dutena. Beste bi errotondak lehendik eginda daude (Landetakoa eta Atxubiagakoa).