EHEk Azpeitian egingo du aurtengo Hizkuntz Eskubideen Eguna

Uztarria.eus 2007ko api. 12a, 15:04

Burlatako eta Atarrabiako udalek ez diote utzi antolatzen

Maiatzaren 6an izango da

Euskal Herrian Euskarazek (EHE) aurten Hizkuntz Eskubideen Eguna Nafarroan, Iruñerrian antolatu nahi zuen, eta Atarrabian eta Burlatan antolatzen saiatu da, baina bertako udalek ezezkoa eman diote. Hala, azkenean Azpeitian egingo dute. Maiatzaren 6an izango da (igandea), eta aurtengoa laugarren edizioa da.

EHEk salatu egin du Atarrabiako eta Burlatako udalen jarrera, “ezezkoa emateko argudioen artean hizkuntz eskubideei baino gehiago, hauteskundeei eman dietelako garrantzia”. Atarrabiako Alkatetzan UPN dago eta Burlatakoan PSN. Haien erabakiaren horren kontra egiteko, maiatzaren 5ean bi herri haien artean manifestazioa egingo du EHEk.

Euskara ofiziala herri guztietan, Euskal Herrian leloa edukiko du aurtengo Hizkuntz Eskubideen Egunak. “Ofizialtasunaren aldarrikapenari beste bultzada bat eman nahi diogu, oraindik beharrezkoa delako, baina herrietako hizkuntz politikak eta dagoen legediak euskararen normalizazioan duten zerikusia ere azpimarratu nahi dugu", esan du gaur (osteguna) erakunde euskaltzaleak. Hurrengo egunetan emango ditu egunari buruzko xehetasun gehiago.

Aurreko hiru ekitaldiak Lesakan (Nafarroa), Oiartzunen (Gipuzkoa) eta Santurtzin (Bizkaia) egin zituzten.

Informazio gehiago, Berrian

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide