Azken egunetan Azpeitiko hiriguneko hainbat tokitan ari dira eraikuntza eta azpiegitura lanak egiten. Lan hauek udal hauteskundeak gerturatu ahala ugaldu eta bizkortu egin dira. Batetik, bukatzera doan agintaldian agindutakoa biribildu nahiko izaten dutelako; bestetik, hauteskundeetan babesa lortzeko bidea izan ohi delako.
Argindarreko zutabeak
Garmendi Gainetik Loiolara argindarra garraiatzen zuten zutabeak kendu egingo dituzte. Argindarra lurretik pasatzen hasiak dira Salbe auzuneko 26. bebarrutik hasita auzo bereko 2. eta 3. bebarruetara bitartean. Estetika zein segurtasun arrazoiengatik erabaki dute argindar zutabe hauek kentzea. Bi bebarruen arteko argindarra lur azpian jartzearen kostua Udalak ordainduko du eta gainerako eremuko lanen ordainketa Iberdrolak hartuko du bere gain.
Salbe auzo atzean, trenbide zaharrean, bidegorria egokitzeko egiten ari diren lanei batu behar zaizkie lan horiek; bidegorriaren azpian sartuko baitute argindarra. Era honetan, 30.000 voltio garraiatzen dituen linea ez da agerian izango aurrerantzean.
Bidegorriko lanak
Azkoitia eta Azpeitia arteko bidegorriko lanak ere aurrera doaz. Loiolatik Salbe auzora bitartean ari dira trenbidea moldatzen eta atzeko saihesbidetik Salbe 26 ingururako sarbidea itxita dago. Loiolatik Azkoitirako atzeko bidean, Munategi eta Juin industrialdera arteko oinezkoentzako bidea ere moztuta dago lanengatik. Perretxiku aurrean ere bidegorriko lanak aurrera doaz.
Bestalde, Etxebeltz-Izarra eremuan azken egunotan lurra mugitzeko makinak geldirik egon dira. Alkateak, ordea, lanak ez direla gelditu adierazi du, proiektuari sartu dioten helegite baten ondorioz gelditu ote diren galdetzean.