Gipuzkoako Foru Aldundiak berriro margotuko ditu sare lokala osatzen duten errepideetako markak. Horien artean daude Azpeitia ingurukoak ere. Azpeititik Albizturrerako errepideak dituen 11,7 kilometroetan egingo dituzte margotze lanak, batetik. Azpeititik Bidegoianera doan errepideko markak ere (11,7 km) berriro margotuko dituzte eta Zestoatik Errezilera (4,3km) doan errepidean ere egingo dituzte margotze lanak.
Aipatutako errepideekin batera, Gipuzkoako beste 20 errepidetako markak pintatuko dituzte. Horretarako, 795.000 euroko aurrekontua egin du Gipuzkoako Foru Aldundiak eta margotze lan guztiak hiru hilabeteko epean amaituta egotea aurreikusi dute.