Aitor Uriondo, Iraurgiko entrenatzaile berria

Uztarria.com 2007ko mai. 1a, 11:05

Aitor Uriondo, Donostian. ('Irutxuloko Hitza').

Adoz Atletiko EHU, Datac Gipuzkoa Basket eta Askatuak entrenatu izan ditu senior mailan

Iraurgik denboraldi honetan hiru entrenatzaile izan ditu: Encinas, Elordui eta Rodriguez

Jose Luis Zubizarreta Xubi Iraurgi Saskibaloi Taldeko zuzendariak esan zuen lehengo astean Urola Kostako Hitza egunkarian aste honetan lehen taldeak entrenatzaile berria izango zuela. Badute dagoeneko: Aitor Uriondo Usandizaga donostiarra.

Orain arte senior mailan Adoz Atletiko EHU, Datac Gipuzkoa Basket eta Askatuak entrenatu izan ditu Uriondok. Orain Donostiako Axular Lizeoko entrenatzailea da, eta azkeneko egunetan ACB Ligak antolatutako Eskolarteko Txapelketaren finalerdietara iritsi da.

Axular Lizeoko entrenatzailea izateaz gain, ikastetxeko irakaslea ere bada. Euskalduna da.

Datac Gipuzkoa Basketen egon zenean, Espainiako LEB 2an zegoen taldea, eta Uriondok ez du bere burua profesional maila horretan ikusten, Irutxuloko Hitza Donostiako egunkariari esan zionez: "Nire lana irakaskuntzan dago, eta saskibaloia uztartu beharreko beste jarduera bat da".

Atletikon hiru garaitan izan da entrenatzailea. Azkena, duela bi urte, Jordi Llopisen lekua hartu zuenean.

Iraurgik denboraldi honetan hiru entrenatzaile izan ditu: Lolo Encinas, Jorge Elordui eta David Rodriguez.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide