'Gure inguruari begirada bat' argazki lehiaketa abian da

Uztarria.eus 2007ko mai. 3a, 14:05

Landa eremua izango da egitasmoak aurten izango duen gaia

Urriaren 11n amaituko da argazkiak aurkezteko epea

Aurten ere abian jarri dute Azkoitia eta Azpeitiko udalek "Gure inguruari begirada bat" argazki lehiaketa. Egitasmoa antolatzen duten seigarren aldia da eta Agenda 21 proiektuaren baitan kokatzen da. Aurtengorako gaia landa eremua izango da.

Orain artean, gaia librea izan ohi zen, beti ere, ingurumenarekin zerikusia baldin bazuen. Aurten, ordea, lehiaketaren antolatzaileek landa eremuaren eta bertan diren ohitura eta usadioei garrantzia eman nahi izan diote eta hori gai hartuta atera beharko dituzte argazkiak parte hartzaileek.

Lehiaketak funtzio ezberdineko argazkiak jasotzen ditu. Landa eremuaren ingurumena positiboki agertzen duten argazkiak izan daitezke, batetik, baina baita, gaiari buelta eman eta aspektu negatiboak, denuntzia gisa, azaleratzen dituztenak ere jasotzen ditu lehiaketak. Dena dela, guztiek Azpeitia edo Azkoitian ateratako argazkiak izan beharko dute.

Lehiaketaren azken helburua aurten ere, lehiaketako argazkiekin egutegi bat osatzea izango da. Ondoren, doan banatuko da bi herrietako etxeetara.

Dagoeneko abian jarrita dago lehiaketa eta urriaren 11ra arte zabalik egongo da argazkiak aurkezteko epea. Irudiak JPG formatu digitalean entregatu beharko dira eta ondoko neurrian: 330 mm x 220 mm. Bi herrietako udaletxeetan jasoko dituzte eta parte hartzaile bakoitzak gehienez hamar argazki aurkeztu ahal izango ditu.

.135 euroko hamar sari banatuko dituzte parte hartzaileen artean. Horiez gain, 225 euroko bi sari berezi banatuko dituzte argazki onenen egileei.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide