Gaur ekingo diete Aratz-Errekako festei

Uztarria.eus 2007ko maiatzaren 15a

Gaur (asteartea) botako dute festei hasiera emateko suziria, San Isidro egunez

Alkartasuna frontoiaren 50. urteurrena ospatuko dute aurten

San Isidro eguna da gaur, asteartea. Aratz-Errekan aspalditik ospatzen dituzte San Isidro jaiak. Hala, gaur 10:00etan txupinazioa botako dute festei hasiera emateko eta 12:00etan meza izango da. Pedro Ilarramendik gidatuta, Azpeitiko parrokiko abesbatza izango da mezetan kantari. Mezaren ondoren, 14:30ean izango da bazkaria. Iluntzean mami-jana egingo dute auzotarren artean eta antolatzaileen arabera, "mamia nahi beste" egongo da. Ondoren, Saioa eta Alabier soinu-joleek animatuko dute gau giroa. Aurten, gainera, Aratz-errekako Alkartasuna frontoiaren 50. urteurrena ospatuko dute.

Festei jarraipena asteburuan emango diete. Maiatzaren 19an, larunbata, Gazteen Eguna izango da. 8:30ean botatako suziriak emango dio hasiera egunari. Goiz parterako mendi irteera antolatu dute eta arratsalderako mus txapelketa. Ondoren afaria eta afalostean lehiaketa berezia: "Nork irentsi hiru arrautza eta zerbeza basoa azkarrago".

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide