Uztarriak aldizkariko 84. alean, Apunteak ataleko galderan (9.orrian), ondorengoa argitaratu zuen: "Eudel EAEko udalen elkarteak esan du 73 udalek eman dutela bake foroa martxan jartzeko izena. Azpeitiko Udala da horietako bat. Baina noiz jarriko dute martxan? Garai politiko hobearen zain al daude?"
Jabier Altuna, Udaleko Giza Baliabide eta Antolaketarako batzordeburuak ondorengo idatziaren bitartez erantzun nahi izan dio galderari.
Azpeitiko Udal Bake Foroa
Idatzi honen bidez argitu nahiko genuke, Azpeitiko elkarrizketarako udal foroa duela aste dezente jarri zela martxan.
Ekimena udalak bultzatu zuen, eta otsailaren 7an bildu zen foro horretako talde bultzatzailea; bertan, Azpeitiko Udala ordezkatzen duten taldeek hartu zuten parte Alderdi Popularreko ordezkariak izan ezik. Habea taldeak ere hartu zuen parte. Hilabete geroago, martxoaren 7an, Azpeitiko Udaletxeko Pleno aretoan, 16 lagun bildu ziren, horietatik 7 emakume eta 9 gizon. Foroan landutako gaia honakoa izan zen: Egoera honetan, zein ekimenek lagun dezakete bakerako aukera berri bat sortzen? Udal foroko helburua ez zen eztabaida sortzea, iritzi anitzak jaso eta entzutea baizik.
Aste Santuaren ondoren, bilera hartako aktaren kopia helarazi zitzaien parte hartzaile guztiei. Aste honetan, berriz, akta horiek izenik gabe Konpondu.net web orrialdean jarriko dira, "foros on line" izeneko atalean, eta han herriko edozein pertsonak bere iritzia adierazteko modua izango du. Uda ondoren, Jaularitzak bere pausoak ematen jarraituko du.
Zalantzak argitu ditugulakoan