Gaur ere huts egin du Julian Eizmendik

Manuel Unanue (EAren zinegotzia Azpeitiko Udalean eta Lapatx Mankomunitateko ordezkaria) 2007ko mai. 24a, 19:05

Gipuzkoako zaborren kontsortzioaren sorrera bilera-ekitaldira ez da azaldu eta hori salatu nahi dut

Gaur ere huts egin du Julian Eizmendi Azpeitiko alkateak ekitaldi garrantzitsu batean, ez da izan. Ez da lehen aldia.

Gipuzkoako zaborren kontsortzioaren sorrera bilera-ekitaldia genuen Donostian, Batzar Nagusietan. Lapatx Mankomunitatetik hiru ordezkari geunden deituta: Eizmendi bera, Asier Aranbarri Azkoitiko alkatea eta neu. Asier eta neu han izan gara. Eizmendi ez. Ekitaldia ja bukatuta zegoela iritsi da.

Eizmendik ez du Azpeitiko Udala behar bezala ordezkatu, eta horixe salatu nahi dut gaur uztarria.com-era bidali dudan iritzi honetan.

Esan dut: ez da lehen aldia horrelako zerbait gertatzen dena.

Lehengo urtean, San Inazioren heriotzaren 450. urteurreneko proiektuen aurkezpenean Azpeitiko Udaleko ordezkaririk ez zen izan, eta orduan ere kritikatu genuen, web honetan agertu zen bezela: "Min hartu dugu ekitaldian Azpeitiko Udalaren ordezkaritzarik ez zela izan ikusi dugunean. Aurkezpenak berak, historia mailan-eta zuen garrantzia ikusita eta Azpeitiak bertan ordezkaririk ez izatea ez da onargarria. Aurkezpenean Gipuzkoako Foru Aldundiko, Eusko Jaurlaritzako, Jesusen Lagundiko eta Azkoitiko Udaleko ordezkariak izan ziren eta Azpeitiko Udalak, berriz, inor ez zuen bidali. Horrela ez da itxura onik ematen". Eizmendi falta.

Uztaro haurtzaindegiaren egoitzaren aurkezpenera ere ez zen joan Eizmendi, hitzordua berak jarri zuen arren.

Gaur ere huts. Han zeuden alderdi denetako ordezkariak Gipuzkoako zaborren kontsortzioa sortzeko ekitaldian. Baina Lapatx Mankomunitateko presidentea falta: Julian Eizmendi.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide