Azpeitiko emakume taldearen komunikatua argitzeko

Leire Etxaniz Manterola (Azpeitiko Emakume Taldearen izenean) 2007ko eka. 4a, 18:06

Adin txikiko batek ustez jasandako eraso sexualaren aurrean Azpeitiko Emakume Taldeak argitaratutako lehen komunikatua zehaztu nahi izan du idatzi honen bitartez.

Azpeitiko emakume taldetik, idatzi honen bidez, Azpeitian adin txikiko neska batek jasandako erasoaren inguruan gure irakurketa argi eta garbia kaleratu nahi dugu.

Lehenik eta behin gure elkartasun eta babes osoa adierazi nahi diogu biktima nagusia den neskari. Bigarrenik gertaera honen erantzule nagusia emakume eta gizonen arteko botere harremanetan oinarritutako jendarte eredu matxista dela ozenki adierazi nahi dugu. Gazteek, helduetan ikusten dituzten botere harremanak birproduzitzen dituzte. Jendartean, modu sutil baino eraginkorrean, izugarria da igortzen diren “emakumea=objetu sexuala” bezelako mezu kopurua (inguratzen gaituen publizitate sexista guztiari begiratu besterik ez dago). Insituzio, komunikabide, hezkuntza sistema eta beste hainbatek dute eredu matxista hau hain errotuta egotearen erantzunkizuna. Jendarte eredu matxista honetan adin nagusiko askok jarrera sexistak erakusten dituzte egunero egunero munduko inpunitate guztiarekin. Emakumea objetu sexual batekin parekatzen dituzten komentario matxistak, jaietan trago batzuen aitzakian egindako erasoak, topikoetan oinarritutako emakumeen kontrako mespretxuak…, eta guztia ingurukoen onarpen eta inpunitate osoarekin egiten dituzte. Ze eredu uste dute ematen dutela horrelako jarrerek??? Zer mezu jasotzen dutela beraien inguruko gazteek??? Gure aurreko komunikatuan bazterketa sozialaz hitzegiten genuenean, gure taberna eta kuadriletatik kanpo nahi genituela adierazten genuenean, argi eta garbi utzi nahi dugu adin nagusiko erasotzaile hauetaz ari ginela. Egunero inpunitate guztiarekin jendarte eredu matxista hau sustengatzen duten jarrerak dituztenetaz ari ginen, eta ez adin txikiko hiru gazte hauetaz. Hiru gazte hauekin beharrezko neurriak hartu eta bergizarteratu egin behar dira.

Gertaera honek sortutako haserre eta noraezak, ikastetxeetan eta orokorrean gizartean eraso sexisten inguruko lanketa sakonak egiteko beharra agerian utzi du. Udaletxean lanketa hauek bideratzeko aditua den emakume teknikari baten beharra nabarmena da. Udaletxeak dagokion erantzunkizuna hartu behar du. Hitzetatik ekintzetara pasa eta lanketa hauek egiteko beharrezko bitartekoak jartzea exijitzen diogu. Honelakorik gehiago gertatu ez dadin!!! Intentsitate handiago edo txikiagoko erasoak egunero ematen dira, adin nagusikoen artean eta adin txikikoen artean ere bai. Eraso guzti hauen salaketa egin nahi dugu. Ixiltasunean pasatzen diren eraso guzti hoiek egotea posible egiten duen jendarte eredu matxista honekin amaitu beharra aldarrikatu nahi dugu!

Bestalde jendeari hipokritak izateari utzi eta beraien, eta ingurukoen jarrera sexistak zuzentzeko ardura hartzea exijitu nahi diogu!

Gure aurreko komunikatuak sortutako gaizkiulertzearekin apurtzeko, momentu honetan, AZPEITIKO EMAKUME TALDEAK mobilizazio publiko bat EZ EGITEA erabaki du. Eta bide eraginkorrei ateak irekitzeko udaletxeari eta instituzioei neurriak hartzea exijitzen diogu!

Bukatzeko eta beste behin ere, eraso hau jasan duen neskari eta egunero jasaten dituztenei gure elkartasun osoa eta babesik handiena adierazi nahi diegu.

2007ko ekainaren 1a.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide