Karapeto hamargarren eta Etxezarreta bosgarren Espainiako Kopan

Uztarria.eus 2007ko eka. 5a, 13:06

Zailtasun handiko eskalada txapelketa jokatu zuten asteburuan Fuerteventura (Kanariar Irlak)

Karapeto ez da gustura geratu emandako mailarekin

Joan den asteburuan jokatu dute 2007ko zailtasun handiko eskaladako Espainiako Kopa Fuerteventuran (Kanariar Irlak) eta bertan izan dira bi azpeitiar: Gorka Karapeto eta Maite Etxezarreta. Euskadi selekzioa ordezkatu dute beste hainbatekin batera, eta 10 eta 5. postuak eskuratu dituzte.

Karapeto 10.ena izan da gizonezkoen maila nagusian. Txapelketara "sentsazio onekin" joan zela azaldu dio azpeitiarrak uztarria.com-i, baina ez da gustura gelditu egindako txapelketarekin. "Aurreko urteetan postu onak lortu nituen eta aurten sentsazio onak nituen. Hala ere, konfiantza faltagatik edo akatsa egin nuen eta erori egin nintzen", dio Karapetok. Erortzeak finaletik kanpo utzi zuen, 10. postuan.

Jubenilen mailan lehiatu zen Maite Etxezarreta azpeitiarra. Etxezarretak finalera pasatzea lortu zuen eta 5. postua eskuratu zuen.

Ramon Julian (Katalunia) eta Irati Anda (Euskal Herria) izan ziren txapelketako irabazleak gizonezko eta emakumezkoen maila nagusian.

Guztira hiru probaz dago osatuta eskaladako Espainiako Kopa eta asteburukoa izan da lehenengo saioa. Urriaren 6an izango dute eskalatzaileek hurrengo hitzordua Terrassan (Bartzelona).

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide