30 urte amnistiaren alde borrokan

Garikoitz Armendariz. Azpeitiko Amnistiaren Aldeko Mugimenduko kidea 2007ko eka. 7a, 13:06

Igandean (ekainak 10) Amnistiaren Aldeko Eguna izango da Oreretan

Horren harira, idatzia atera du Azpeitiko Amnistiaren Aldeko Mugimenduak

Aurten 30 urte betetzen dira, maiatzaren 8tik 15era Araba, Bizkaia, Gipuzkoa eta Nafarroan milaka herritar asanblada eta manifestazioetan kalera atera zirenetik. Amnistiaren aldeko aste horretan, 7 manifestari hil zituzten. Egun, Euskal Herrian gertatzen dena ulertzeko, ezinbestekoa da iraganari erreparatzea; Euskal Herriaren zanpaketa, mendeetan atzera egin eta gaurdaino luzatzen baita, borroka bera bezala. Duela 30 urte, Amnistia gehiengo zabalaren eskakizuna izan bazen ere, estatu espainiarraren eskutik bizkarra eman zitzaien herritarren borondate eta eskubideei.

Gaurko eta orduko egoerek antzekotasun gehiegi dute eta horixe da demokraziaren gezurra agerian jartzen duena. Hauteskunde antidemokratikoak, ilegalizazio politikak, duela aste batzuk hamar euskal herritarren kontra izandako torturak, kartzeletan euskaldunen kontra espresuki eraikitako salbuespen neurriak, ertzaintzak otsailean Amnistia eta Autodeterminazioaren aldeko manifestariak era krudelenean jipoitu izanakĀ… frogatzen dute 30 urte luzeetan errepresio politikoa helburu jakin batekin erabilia izan dela.

Baina, egun, ez da sustengagarria, gatazka beste hainbat urte luzeetan iraunarazteko, iraganeko errezetak errepikatu eta estrategi errepresiboaren aldeko apustuarekin jarraitzea. Herri honek ezin du onartu, PSOE-k eta PNV-k, gatazka konpondu ahal izateko gutxiengo demokratikoei ezetz esaten jarraitzea. Ezin dugu onartu bide politikoak ixtea, herri borondatea zapaltzea, euskaldunak torturatzen eta kartzeletan hiltzen jarraitzea, manifestazioak debekatu eta herritarrak jipoitzea!

Amnistiaren aldeko indarrak biltzeko garaia da! Gatazka luzatzen duten arazoei konponbide politikoak ematearekin batera, gatazkak eragin dituen ondorioak gainditzea ahalbidetzen duelako.

Eta orain, garai haietan bezala, guztioi dagokigu, amnistiaren aldarria ahotan, konponbide demokratikoaren alde egitea, eta horretarako aukera paregabea zabaltzen zaigu Ekainak 10ean Oreretan ospatuko den Amnistia Egun Nazionalean parte hartuz! Euskal Herriak ASKATASUNA BEHAR DUELAKO, DENOK ORERETARA!

Joan nahi izanez gero autobuserako izen ematea Orkatzen, ostirala baino lehen.

Ekainak 10 ORERETA 1977/2007. Amnistia Egun Nazionala

EGITARAUA

FORU PLAZAN:

  • 11:00 Herri kirolak

MUSIKA PLAZAN:

  • 12.00 Bertsolariak
  • 13.00 Ekitaldi politikoa
  • 18:30 Rock Kontzertua (Betagarri eta Sagarroi)

KOLDO MITXELENA PLAZAN

  • 12.00 Txan Magoa
  • 14.30 Bazkari Herrikoia
  • 17.00 Berbena (Estanga Anaiak)

ORERETA IKASTOLA

  • Haurren gunea egun osoan zehar

XENPELAR KULTUR ARETOA

  • Erakusketa eta DVD emanaldia egun osoan zehar

KALE ANIMAZIOA

  • Trikitilariak, dultzaineroak, txaranga, batukada, zankoak, buruhandiak...

POLIGONOAN:

  • Parking -a autobus eta kotxeentzat.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide