Alde Zaharreko bi kale festetan murgilduko dira asteburuan. Korpus Jaiak ospatuko dituzte Enparan kalean eta Eliz kalean. Dagoeneko dena prest dute festarako.
Igandean botako dituzte festei hasiera emateko suziriak Enparan kalean. Segidan, txistulari taldearekin kalejira egingo dute kalean zehar. 12:00etan meza izango da Frantziskanetan eta 14:00etan lagunarteko bazkaria egingo dute Aitonena tabernan. Bertsolari eta trikitilariek alaituko dute bazkalondorena. Ondoren, auzoko 80 urte bete dituzten gizon eta emakumeei opariak banatuko dizkiete.
Eliz kalean ekimen ugari
Eliz Kaleko Korpus jaiei larunbatean ekingo diote urteroko Erretz txapelketarekin. Lagun Onak M.B.aren tabernan izango da, 16:00retan. Dena dela, ostegunean, ekainak 14, emango zaie hasiera festei ofizialki. Juan Antxieta musika eskolako ikasleen kalejira izango da egun horretan eta buruhandiak izango dira ondoren. Ostiralean, 18:00etan Kalian gora kalian behera trikitilariekin kalejira egingo dute eta, gero, buruhandiak. 19:00etan, berriz, gitarrista taldearen emanaldia izango da Eliz kalean bertan. Afalostean, 23:00etan Laja, Eguren eta Ziolarekin dantzaldia egingo da.
Larunbata, festen azken eguna, ekitaldiz beteta dator aurten ere. 12:00etan Emakumezko Pala Txapelketaren finalerdiak jokatuko dituzte Frontoi Txikin. Horrekin batera, Iban eta Lierni trikitilariak ibiliko dira kalean zehar. 13:00ean Itsasi Dantza taldekoak ibiliko dira kalean. 16:00retan jokatuko dituzte emakumeek pala txapelketako finalak eta 19:00etan txalapartariak izango dira. Jarraian trikipoteoa egingo dute kaleko tabernetan eta 20:30ean izango da afaria Aitonenan. 23:00etan, Laja, Eguren eta Ziolarrekin dantzaldia izango da. Gauerdian, berriz, zozketa.