Ximoneneri eta sutegiari, aio

Urola Kostako Hitza 2007ko eka. 11a, 12:06

Sutegia eta Ximonene eraikinak oraindik zutik.

Nuarben oso ezagunak diren bi eraikin, Ximonene ostatua eta sutegia, bota egingo dituzte

Aurki etxebizitza berriak egingo ditutze leku horretan (Urola Kostako Hitza)

Nuarbeko historian oso esanguratsua izan den eraikina botatzen hasi dira: Ximonene ostatua. Ximonene, ordea, eraikina baino gehiago da nuarbearrentzat. Izan ere, auzotarren topagunea eta bilgunea izan da ostatu ezaguna, betidanik.

Azpeitiko Udalak bederatzi etxe berri eraikitzeko asmoa du bertan, besteak beste. Horretarako, etxe zaharrak bota behar dituzte lehendabizi. Nuarbeko bizilagunek tristuraz hartu dute Ximonene ostatuaren desagerpena. "Hamaika historia, pasadizo eta kontu geldituko dira lurperatuta, alajaina", adierazi dute.

Ostatuko seme zen Ximon Gurrutxagak eraiki zuen taberna duela ehun urte pasa. Nuarbek orduan 400 bizilagun inguru zituen. Otargintzari eta bertako okindegiari esker herriko jarduera ekonomikoak garrantzia zuen Ibaieder bailaran, eta Ximonene bilgune eta erreferentzi bihurtu zen inguru hartan.

Bestalde, herriko beste eraikin bat ere desagertuko da laister: sutegia. Nagusienek oraindik gogoratzen dituzte ingudeak eta mailuak ateratzen zuten hotsa, baita Julian Txikik ferratzen edo xesteroen tresneria zorrozten zuen abilezia.

Orain egun gutxi egin dute auzotarrek azken afaria ostatuan. Urkoren eta Martinen doinuek alaitu zuten gau nostalgikoa. Ximonenen esandakoak bertan geratuko dira betiko.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide