Eguraldi nahasiarekin ireki dute igerilekua

Uztarria.eus 2007ko eka. 11a, 15:06

Asteburuan ireki zituen ateak estali gabeko igerilekuak.

Sentsoredun dutxak eta lokatza ez sortzeko koskak jarri dituzte

Irailaren 16ra arte egongo da zabalik

Asteburuan ireki zizkioten Azpeitiko estali gabeko igerilekuari ateak eta eguraldi nahasia egin bazuen ere, bainuaz gozatzeko aukerarik izan zuten bertaratu zirenek.

Aurtengo denboraldirako hainbat berrikuntza egin dituzte igerilekuan. Alde batetik, igerilekuko lau sarbideetan dauden dutxetako pultsadoreak kendu eta sentsoredun dutxak ipini dituzte. Bestalde, igerileku ertzetan lokatza ez sortzeko koskak jarri dituzte igerilekuaren ia perimetro guztian.

Sei urteko igerilekua

Seigarren urtea bete du estali gabeko igerilekuak zabaldu zutenetik eta oro har, "balorazio positiboa" egin du Ina Sagarzazu, Azpeitiko Kirol Patronatuko zuzendariak. "Jendearen erantzuna oso ona izan da urte hauetan guztian eta balorazio positiboa egin dugu" dio Sagarzazuk.

Aurten ekainaren 9an zabaldu eta irailaren 16ra arte egongo da zabalik egunero, 11:00etatik 20:00etara.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide