Asteburu honetan Eliz kalea eta Urrestilla jai giroan murgilduko dira, Urrestillan festak oraindik ofizialki hasiko ez badira ere. Eliz kalean gaurtik larunbata arte iraungo du festak. Juan Antxieta musika eskolako ikasleen kalejira, buruhandiak, trikitilariak, kitarrista taldearen emanaldia, dantzaldia, Emakumezkoen Pala Txapelketako finalak eta beste hainbat ekimen egingo da Eliz kalean gaurtik larunbatera bitarte.
Urrestillan larunbatean (ekainak 16) IV. Herri Krosa izango da eta, igandean, Erretiratuen Eguna.
Kroseko ibilbidea eta sariak
Krosean, maila bakoitzak metro kopuru zehatz bat egin beharko du. Benjaminak 550 metroko ibilbidea egingo dute; alebinek 950 metroko ibilbidea egingo dute; infantilek 1.190 metroko ibilbidea; kadeteek 2.300 metrokoa; jubenilek 4.500 metrokoa; eta seniorrek eta helduek 8.850 metroko ibilbidea izango dute.
Krosean parte hartzen duten haur guztiek domina eta oroigarria jasoko dituzte. Gaztetxoen artean kirol gaiak zozkatuko dira. Haurren, gaztetxoen eta helduen arteko lehen hiru sailkatuei trofeoa emango zaie. Helduen arteko lehen seiek, berriz, diru saria jasoko dute.
Krosean parte hartzeko izena Urrestillako plazan eman beharko da, proba hasi baino ordubete lehenago.