Ziurtagiriaren Elkartearen txanda

Uztarria.com 2007ko eka. 14a, 15:06

Bai Euskarari Ziurtagiriaren hiru mailak eta logotipoak.

Elkartek horrek kudeatuko du hemendik aurrera Bai Euskarari Ziurtagiria

Azpeitian 40 eragilek daukate euskara normalizatzen joateko agiria

Bai Euskarari Ziurtagiria hemendik aurrera Ziurtagiriaren Elkarteak kudeatuko du. Gaur (osteguna) arratsaldean egingo dute ziurtagiriaren urteko ekitaldi nagusia, Donostian, eta hantxe hartuko du elkarteak txanda. Kontseiluak sortu zuen Bai Euskarari Ziurtagiria duela zazpi urte, euskara normalizatzen joateko pauso "eraginkorrak" jartzeko asmoz, eta orain arte berak kudeatu izan du.

“Elkarlanean eta kalitatean urrats bat egin nahi dugu”, esan du Ziurtagiriaren Elkarteko zuzendariak, Rober Gutierrezek. Hainbat eragilek osatuko dute elkartea: Kontseiluko erakundeek, Bai Euskarari Ziurtagiria lortu dutenek eta proiektuan lagundu nahi duten eragileek.

Gaur egun Euskal Herrian 1.500 eragilek daukate agiria (enpresek, ikastetxeek, komertzioek, tabernek, elkarteek...).

Ziurtagiriak logotipo berriak ere izango ditu hemendik aurrera (argazkian). Hiru agiri mota daude: Bidean, Guk zerbitzua euskaraz, eta Guk zerbitzua eta lana euskaraz.

Azpeitian 2003an jarri zuten Baite Euskara Elkarteak —gero Uztarria Kultur Koordinakundearekin bat egin zuen— eta Kontseiluak Bai Euskarari Ziurtagiria egitasmoa martxan. Gaur egun Azpeitiko 40 eragilek daukate ziurtagiria; iazko ekainaren 29an egin zuten azkeneko ekitaldia.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide