Nafarroan legala ez ezik zilegia eta demokratikoa dena, zergatik ez Azpeitian? Nafarroan UPN boteretik kentzea zilegia eta demokratikoa bada, zergatik ez Azpeitian EAJ boteretik kentzea? Demokraziaren arauek aukera ematen dute zapatuan Azpeitian gertatu zena gertatzeko, eta hori erabat zilegia da. EAJk berak askotan egin izan du eta egingo du; Nafarroako Gobernuan saiatuko da egunotan, adibidez; edota Gipuzkoako Diputazioan. Bestelakoa da kolpe gogorra izan dela EAJrentzat, bestelakoa da horrek EAJren eta EAren arteko harremanak non uzten dituen, euren artean bozkatuena errespetatzeko itunik bazuten ala ez, EAko zuzendaritzaren eta herrietako errealitatearen artean suma daitezkeen desberdintasunak...; baina zilegia eta demokratikoa ez denik ezin esango du zentzuduna den inork.
Eta zilegia ez ezik, esanguratsua ere bada Azpeitian (eta Zumaian, eta Bizkaiko hainbat herritan...) EAJ boteretik kentzeko bat egin izana EAE-ANVk, EAk eta Aralarrek. Zerbaiten seinale bada hori: Nafarroan bezala, eta alderdietako goi organoen iritziaren kontra, aldaketaren beharra ikusi dute Azpeitiko bederatzi zinegotzi horiek, eta botoak batu egin dituzte, modu erabat demokratikoan. Gainera, Azpeitian aldaketa nahi hori aspalditik sumatzen zen (gogoratu 1995eko saio hura, gogoratu 1999an EH EAJrengandik 200 boto eskasera geratu zela, gogoratu herri mugimenduak azken urteotan EAJrekin izan dituen arazoak...).
Eta hori gutxi balitz, Azpeitiko EAk, Azpeitiko Aralarrek eta Azpeitiko EAE-ANVk ez dute inor engainatu hauteskunde kanpainan. Honatx Uztarriari kanpainan esandakoak:
- IƱaki Errazkin (EAE-ANV): "Gure helburua da aldaketa ematea Udalean. Eta EArekin batera hori egitea aukera posible bat da. Gure aldetik, saiatuko gara adosten akordio bat aldaketa hori aurrera eramateko.".
- Manuel Unanue (EA): "Inola ere ez [dut baztertzen EAE-ANVrekin bat egitea]".
- Juan Karlos Arellano (EB-Aralar): "Prest geundeke EAJ oposiziora bidaltzeko".
Hiru alderdiok, era batera edo bestera, oso argi aldarrikatu dute Azpeitian aldaketaren beharra (aldaketa behar hori gordinegi adierazteagatik galdu ditu botoak, nire ustez, EAk). Pentsa daiteke, beraz, hiru alderdioi botoa eman dioten 3.573 lagunek ez dutela gaizki ikusten Azpeitian aldaketa politikoa egiten saiatzea.
Goian idatzitako guztia hain nabarmena izanik, egoera normal batean ez nukeen idatzi ere egingo, asteburuan herriko zenbait sektoretan sumatu dudan giroa sumatu izan ez banu, herriko EAko arduradunek egunotan jasan duten presioa jasan izan ez balute (presioa EA-ko goi karguetatik, presioa kalean). Ezker Abertzaleari "bide mafiosoak eta faxistak" erabili izana leporatu dioten batzuek darabilzkite orain EA-ren kontrako koakzioa, mehatxua eta ia-ia biolentzia fisikoa ("lapurreta" izan da, "ez da demokratikoa izan", "ikusiko duzue orain, Diputaziotik diru gutxiago etorriko da"...).
Ulertzen dut nik EAJkoak minduta egotea, ulertzen dut 30 urteotan errepideak, etxeak, jaietako programak eta beste hainbat lan egiten dituzten hainbat enpresa-gizon-emakume kezkatuta egotea. Ulertzen dut Udaleko langile batzuen artean egon daitekeen ezinegona ere. Hori guztia ulertzekoa da. Baina Azpeitiko EAJko zenbait ez dira ari ondo bideratzen beren ezinegona; gustatu ala ez gustatu, eta EAJk hauteskundeak irabazi zituen arren, modu zilegi eta demokratikoan galdu duelako alkatetza. Hobeto lukete bere buruari galdetuko baliokete zergatik hartu duten gainontzekoek hartu duten erabakia (bide batez, EA-ko Gipuzkoako arduradunek ere egin beharko liokete beren buruari galdera hori). Zergatik erabaki duten Azpeitian alternatiba bat sortzen saiatzea. EAJ berarentzat izango da onena gogoeta hori egitea, oposiziotik ere egin daitekeelako herria, eta berriro ere alkatetza hortxe izango duelako, herritarrek hala nahi badute.
Bukatzeko: Udalean aldaketa zeinek bultzatu duten ikusita, haien orain arteko diskurtsoa kontuan hartuta, pentsatzekoa da oposizioak (EAJ), gizarte eragileek eta herritarrek udal erabakietan parte hartzeko aukera gehiago izango dutela aurrerantzean, eta hori beti da ona demokraziarentzat, zilegitasun handiagoa ematen diolako Udalaren gestioari.