Larunbatean artzain txakurren lehia izango da Elosiagan

Uztarria.eus 2007ko eka. 20a, 12:06

.8 artzain arituko dira nor baino nor euren txakurrekin

Gipuzkoako txapelketako kanporaketa da larunbatekoa

Datorren larunbatean, hilak 23, artzain txakurren lehia izango da Azpeitiko Elosiaga auzoan. Bertan jokatuko dute Gipuzkoako arraza libreko artzain txakurren txapelketako aurreneko kanporaketa. 18:00etan hasiko da eta 8 artzain arituko dira nor baino nor, bakoitza bere zakurrarekin.

Artxate elkarteak antolatu du txapelketa. Elkarteak egoitza Elgoibarren badu ere, inguruko herrietako artzainek osatzen dute elkartea, tartean azpeitiar bat. Inixio Etxeberria Kortzu ere Artxateko kidea da eta baita lehiaketako parte hartzailea ere.

Aurrenak Aiara

Elosiagan lanik onena egiten duten lehen bost artzain-zakur bikoteak Aian jokatuko den hurrengo kanporaketara pasako dira. Bestalde, uztailaren 1ean Zumaian lehiatuko dira beste 8 artzain. Horiek ere Aiako kanporaketara iristeko helburuarekin ariko dira, Zumaiako neurketako lehen lau artzain-zakur bikoteak pasako baitira Aiako neurketara. Elosiagan lehiatuko da iazko txapelduna eta, hori dela eta, sailkatuko dira bost artzain Aiako neurketara.

Parte hartzaileak

  • Eguren, Labrit txakurrarekin (Andoain)
  • Zaizar, Nai txakurrarekin (Zarautz)
  • Ormazabal, Iuma-rekin (Gaintza)
  • Orbegozo, Alai-rekin (Arantzazu)
  • Pello Pagadizabal, Alai-rekin (Aia)
  • Etxeberria, Argi-rekin (Azpeitia)
  • Segurola, Artzai-rekin (Matxinbenta)
  • LarraƱaga, Zeru-rekin (Zarautz)

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide