Txapela buruan, eskuan nahi

Urola Kostako Hitza 2007ko eka. 22a, 12:06

Txapelketako partida bat.

Etzi jokatuko da Gipuzkoako Herriarteko Txapelketaren finala, Atano III.ean

Azpeitiarrak itxaropentsu daude bigarren txapela ekartzeko aukeraren aurrean (Urola Kostako Hitza)

Herriarteko Pilota Txapelketa amaitzeko bi egun falta diren honetan, herriak inoiz baino itxaropen gehiagorekin begiratzen dio hainbat alditan eskura izan duen eta 2004an lortu zuen txapelari.

Aurtengoa 40. txapelketa da eta azpeitiarrek inoiz baino emaitza hobeak lortu dituzte. Hauek, noski, Azpeitiko taldea osatzen duten pilotariei zor zaizkie, hein handi batean. Pilotako entrenatzaile Jesus Ruiz de Argandoña Keuttinek azaldu duenez, aurtengoan oso talde orekatua lortu da.

Ruiz de Argandoñaren esanetan, lehen partida zaila izango da irabazten, Arrasateko taldean, "kadete mailan, agian, Euskal Herriko onena den pilotari bat badelako". Bigarren partida, berriz, azpeitiarren alde aterako dela uste du; eta, hirugarrenean, edozer gerta daitekeela pentsatzen du; "jokoa emango duela" uste du.

Igandean izango da hitzordua Atano III.a pilotalekuan. Kadeteek ekingo diote ikuskizunari eta 10:30ean Aizpuru eta Murgiondo Bolinaga eta Agirregabiria arrasatearren aurka lehiatuko dira. Bukatu orduko jubeniletako Otamendik eta Yeregik Arana eta Zubizarretaren aurka jokatuko dute. Azkenik, Larrañagak eta Uzkudunek Asperen eta Uribarrenen aurka jokatuko dute erabakigarria izatea espero den partidan.

Azpeitia Ilunperen babesean

Illunpe Pilota Elkartea arduratzen da orain dela 25 urtetik herriko pilotari gazteak eta Gipuzkoako Herriarteko Txapelketarako taldea prestatzeaz. Baina, jakina denez, aurreko urteetan ere ibili da Azpeitia txapelketa honetan. Lagun Onak Elkartearen baitan eta Patxi Azkargortaren gidaritzapean ibili da zenbait urtean.

Beti ez dira, ordea, partidak Frontoi Txikin jokatu. Izan ere, Frontoi Txiki berritzeko lanetan izan zen urteetan. Hala, hamar bat urtean Betharrandarretako pilotalekuak hartu zituen herriarteko txapelketa hau eta beste hainbat.

Ruiz de Argandoña Keuttin-ek azaldu digunez, Illunpe Pilota Elkarteak beste hainbat txapelketatan ere parte hartzen du urtean zehar, hain entzutetsuak ez izan arren.

Iganderako txartelak eta autobuserako eta bazkarirako oraindik ere eman daiteke izena: gaur 18:00etatik 20:00etara eta bihar 10:00etatik 12:00etara, Frontoi Txikin.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide