Ahazturik?... Bada, ez!

Imanol Elias Odriozola 2007ko eka. 26a, 14:06

Imanol Eliasek hasi berri den legengintzaldiaren inguruan idatzi du

Gogoz irakurri nituen, maiatzean Uztarria aldizkariak argitaratutako alkate hautagaiek eginiko deklarazioak, azken baten ondorio berezia ateratzeko, hau da, guztiak zituztela asmorik onenak herriari bultzada handi bat emateko ondorengo lau urteetan, baina, egia esan, gauza batek sekulako harridura sortu zidan, ikusirik gaur egun Azpeitiko herriak dituen komunikazio arazoak eta hautagai bakar batek ere ez aipatzean trenaren beharrik, behin eta berriz ETBk adierazten badigu ere pilota edo futbol partida bat ikusten garenean honako hau: "Euskotren, zure trena hemen duzu".

Ez dute nonbait ongi ulertu izango eta Euskotren irakurri beharrean, Ibertren deituriko jostailu ospetsutzat hartu izango dute. Eta hori, herrian ez ezik, beste edozein herritan ere nahiko zail egiten denean autoarentzat tokia aurkitzea… Pentsatu nuen, sekula egi bihurtu ez den amets batetan murgildurik nintzela.

Hauteskundeen ondoren, osatu da Udala eta esan behar azken albisteek ukitu bat egin didatela. Joan den ostiralean, ekainak 22an, unean herriko alkatea den Iñaki Errazkin jaunak, lasaitasuna, errespetua eta normaltasun eskatzean herritarrei, aurrera eraman nahi dituen lanen artean adierazi zuen ahaleginak egitea Urolalderako berriro trena eskuratzeko. Berriro ere, amets berean jarraitzeko oinarria dut…

Iritzi bat agertzeko eskubide osoa dut eta alkate berarekin bat eginik naizela aitortu behar dut beste ekintza batetan ere, adierazten zuenez aipaturiko aldizkarian, Azpeititik Loiolara bitartean etxebizitzak egitea astakeria bat dela oraingoz behintzat, bai alde batera eta bestera, herri barruan diren etxebizitzak eta inguruan diren lurraldeak aprobetxatzea egokia denez aurrez. Herriaren biztanle kopurua igotzen bada hemendik urte batzuetara, iritsiko da Loiola aldeko lurraldeen beharra, baina bitartean… Nolatan gero, eta zergatik, une batetik bestera lasaitasun tokirik egokiena aukeratu etxebizitzak egiteko? Ez ote da bera egokia, erreserba bezala gordetzeko oraindik behintzat?

Ekainaren 16an herriko Udala osatu denetik, gidari berriak ditugu, asmorik onenak dituztela gainera dudarik gabe Azpeitiko herriari bultzada berezia emateko, eta seguruenik ez zaie lanik faltako. Lehenik behintzat lau urterako izendatuak izan direnez, beraiek amaitu aurrez aurkituko dira ospakizun berezi batekin: Azpeitia sortu zeneko 700. urtebetetzea. Ez dugu uste ahaztuko dutenik… Beraien lanean ematen duten urrats bakoitzean asmatzea opa diegu, herritar guztien mesedegarri izango den itxaropenean.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide