Atzo (uztailak 1, igandea) jokatu zuten XXV. Urrakiko igoera. 78 gidari zeuden izena emanda auto lasterketarako eta guztien artean, Gorka Apalantza errezildarra nagusitu zen, Speed Car GT-R autoarekin. Aritz Egozkue nafarra joan zen lasterketaren buruan bai entrenamenduetan eta baita aurreneko etapan ere. Gorka Apalantzak lehenengo saioan sute txiki bat izan zuen autoaren motorrean eta bigarrengoan ere erretiratu egin zen. Azken etapan, ordea, buelta eman zion sailkapenari eta denbora azkarrena egitea lortu zuen. Sailkapen orokorrean, beraz, Apalantza gelditu zen aurrena. Bigarren, Aritz Egozkue. Hirugarrena Fran Cobo izan zen; irabazleak baino bi segundo gehiago behar izan zituen igoera burutzeko.
Iñaki Alberdi 'Iñaki txikiye' izan zen aurrena sailkatu zen azpeitiarra. Ford Scort WRCrekin zortzigarren postua lortu zuen. Joxe Labaka izan zen hurren sailkatu zen azpeitiarra; Mitsubishi EVO Vrekin hamargarren postua eskuratu zuen. Hirugarren azpeitiarra Xabier Beloki Mienda
izan zen; BMW M3arekin lehiatu zen eta hamahirugarren denbora onena egin zuen. 21. sailkatu zen Xuban Uzkudun, Opel Astra GSIrekin, eta Aitor Lazkano izan zen herrikoen artean bosgarrena, 24. postua lortuta. Jokin Aiertzak ez zuen lasterketa bukatzea lortu, autoa kolpatu zuelako.
Antolatzaileak "gustura" agertu dira igandeko lasterketarekin. Izan ere, parte-hartze handia lortu du Lagun Artea antolatzaile taldeak igoeran: 72 gidari izan ziren izena eman dutenak.
Gipuzkoako Txapelketan azpeitiarrak aurrenetan
Igoera Mendiko Euskal Herriko Txapelketan eta Gipuzkoako Txapelketarako proba puntuagarria izan zen atzokoa. Gipuzkoako Txapelketan lehendabiziko postuan da Aitor Ramirez, BMW 320ST autoarekin. Sailkapeneko bigarrengo postuan da Iñaki Alberdi. Ramirezek bederatzi segundoko aldea ateratzen dio. Joseba Zapirain da hirugarrena, eta laugarrengo Joxe Labaka dago.