Azpeitiko eta Azkoitiko parrokietan bisita gidatuak egingo dituzte udan

Uztarria.eus 2007ko uzt. 5a, 12:07

Parrokietara egingo diren bisitei laguntzeko diptikoak egin dituzte.

Iraurgi Lantzenek bideratuko ditu bisitak, "eskualdeko eskaintza turistikoa zabaltzea" helburu hartuta

Uztailaren 7tik irailaren 15a arte egingo dituzte

Udako eguraldi onarekin batera, aukera ugari izaten da batera eta bestera turismoa praktikatzera joateko. Batek baino gehiagok aukeratuko dute, segur aski, aurten ere gure bailara. Uda sasoian eta eskualdeko eskaintza turistikoa zabaldu asmoz, Azpeitiko eta Azkoitiko parrokietan bisita gidatuak egingo dituzte.

Iraurgi Lantzen S.A. taldeak antolatu ditu eskaintza hauek eta beraien hitzetan, "helburua, Loiolara gerturatzen diren bisitariei eskualdean lehendik dagoenaz gain, eskaintza berezi bat egitea da". Hori dela eta egingo dituzte bisita gidatuak Azkoitiko Amabirginaren Jasokundearen Parrokian eta Azpeitiko San Sebastian Donearen Eliza Nagusian.

Antolatzaileen esanetan, "aurreko urteetan arrakasta izan du ekimenak, batik bat pasa den urtean Azpeitiko San Sebastian Donearen elizan Soledadeko kapera eraberritu eta ikusgai jarri zelako". Euskal Herri mailan errenazimendu garaiko artearen erakusgarri nagusia da kapera eraberritua.

Uztailaren 7an hasiko dira bisitok eta irailaren 15era arte iraungo dute baina bisitak egun jakinetan egingo dira, ez egunero. Honako egunetan egin ahalko dira:

Uztailean:

• Larunbata: 7

• Larunbata: 14

• Larunbata: 21

• Larunbata: 28

Abuztuan:

• Ostegunak, ostiralak eta larunbatak 2,3,4

• Ostegunak, ostiralak eta larunbatak 9,10,11

• Ostegunak, ostiralak eta larunbatak 16,17,18

• Ostegunak, ostiralak eta larunbatak 23,24,25

Irailean

• Larunbata: 1

• Larunbata: 8

• Larunbata: 15

Bisitak dohainik

Dohainik izango dira eta honako orduetan egingo dira: Azpeitiko Sebastian Donearen elizan 11:30etan eta 12:30etan; Azkoitiko Amabirginaren Jasokundearen Parrokian 16:30etan eta 17:30etan. Salbuespen gisa, Azkoitiko Andramari jaietan (Abuztuaren 14tik 18ra) ez da egongo bisita gidaturik Azkoitiko parrokian.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide