Realak astelehenean hasiko ditu 2007-2008 denboraldiko entrenamenduak, eta uztailaren 28an jokatuko du lagunarteko aurreneko partida: Azpeitian, Lagun Onak-en kontra, Garmendipe zelaian. Larunbata tokatzen da 28a; zehazteke dute ordua. Beste urte batzuetan ere jokatu izan du Realak denboraldi-aurrean Azpeitian.
Hilaren 28koaz gain, beste bost partida jokatuko ditu denboraldi-aurrean: Irunen (Gipuzkoa) bat, Holanda hiru eta Iruñean bat (horixe azkena, abuztuaren 17an, Osasunaren kontra). Abuztuaren 25-26ko asteburuan hasiko du Liga Espainiako Bigarren A Mailan oraingoan, Donostian, Castelloren kontra.
Chris Coleman (Gales) da lehen taldearen entrenatzaile berria. Bi azpeitiar izango ditu ekipoan: Mikel Labaka eta Mikel Aranburu.