Azpeitiko bizilagun bat kartzelaratu dute aste honetan, Loiolan neska bat bortxatzen saiatu zela egotzita. Ustezko eraso horren harira, Azpeitiko Bilgune Feminista eta Izarraizpeko Sorginak Emakume Taldeak kontzentraziorako deia luzatu dute. Emakume taldeek adierazi dutenez, "denbora gutxian emakumeen kontrako bi erasoren berri jaso dugu Azpeitian. Gure elkartasun osoa helarazi nahi diogu erasotua izan den emakumeari eta isilean erasoak pairatzen dituzten emakume guztiei".
"Mota guztietako eraso hauek hasi irain, txiste sexista, ukitu, tratu txar eta bortxaketa eta erailketaraino gizartean dugun eredu matxistaren ondorio dira eta guztion jarreratan dago barneratuta eredu hori" diote emakume taldekoek. Bere iritziz, "guztion ardura da emakumeon aurkako indarkeriarekin amaitzea". Horretarako, geure eta geure ingurukoen "jokabideak hausnartzen hasi" beharrean garela azaldu dute, "guztiok askatasun osoz, eta edonon lasai ibiltzeko moduan izan gaitezen".
Emakume taldekoak "ziur" daude maila handiagoan edo txikiagoan, "Azpeitian jazo diren bi eraso hauek ez direla gertatutako eraso bakarrak izan, ezta izango ere. Are gehiago laster herriko festak izango direla kontuan hartuta".
Astelehenerako deitu dute elkarretaratzea. Azpeitiko plazan izango da, 19:30ean.