Miguel Borrachina eta Pablo Garcia garaile Auto Klasikoen IV. Azpeitiko Rallyan

Uztarria.eus 2007ko uzt. 23a, 13:07

Goiko argazkian, lasterketako irabazleak sariak jasotzen. Beheko bietan, aurtengo parte-hartzaileak lasterketan.

Larunbat arratsalde eta iluntzean eta igande goizean egin zuten lasterketa

.1971. urteko Lancia Fulvia HFarekin nagusitu ziren 43,4 puntu lortuta

Joan den asteburuan, Azpeitia eta inguruetan, Auto Klasikoen IV. Azpeitiko Rallya egin zuten. Larunbatean (uztailak 21) eman zioten hasiera lasterketari eta atzo, igandea, bukatu zuten. 82 autok parte hartu zuten denera. Lasterketako garaileak Miguel Borrachina gidaria eta Pablo Garcia kopilotua izan ziren 1971. urteko Lancia Fulvia HF autoarekin. Lasterketa amaieran puntu gutxien eurek zuten eta era honetako lasterketetan puntuak penalizazioekin lotuta egoten direnez, gutxien dituenak irabazten du.

Bigarren postua Roland Holke eta Fernando Beorlegik lortu zuten. Volvo 142arekin 53,5 puntu lortu zituzten. Hirugarrena, berriz, 82ko Autobianchi A 112 Abarth autoa izan zen Imanol Zorroza eta Xabier Zorroza gidari zituela. Laugarren postuan sailkatu ziren Ricardo Alonso eta Moises Alvarez BMW 2002 Ti autoarekin. Lasterketako autorik zaharrena, berriz, Triumph TR-3A izan da. 1959. urtean matrikulatutako autoa 19. postuan sailkatu zen.

Lasterketan parte hartu ahal izateko bete beharreko baldintza bakarra autoek 25 urte baino gehiago izatea zen eta kirol-auto klasikoek parte hartzen dute gisa honetako rallyetan. Porsche markako autoak izan ziren nagusi asteburuko lehian. Horiez gain, BMWak, Alfa Romeoak eta Lanciak ere ikusi ahal izan ziren.

Erregulartasuna nork lortuko

Hiru sekzioz osatutako 2 etapetan burutu zen lasterketa. Larunbat arratsalde eta iluntzean eta igande goizean aritu ziren autoak lasterketan. Bi etapak Azpeitia inguruetan barrena egin ziren: Urraki, Elosu, Nuarbe-Beizama, Garin, Aizarna… Guztira 400 kilometro inguruko ibilbidea egin zuten parte-hartzaileek eta horietatik 320 kilometrotan denbora neurtu zitzaien.

Erregulartasuna neurtzen da lasterketa hauetan kontrol sekretuen bidez eta kontroletan hartutako denbora ezarritako denborarekin konparatzen da. Ezarritako denbora 50 km ordukoz azpikoa izaten da eta denbora horren gaineko segundo hamarreneko alde bakoitzeko penalizazio puntu bat ezartzen zaie gidariei. Puntu gutxien duenak irabazi ohi du eta hala gertatu da oraingoan ere. Miguel Borrachina eta Pablo Garcia garaile atera ziren atzo Azpeitian.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide