Errekortari 2007 Txapelketako finalaurrekoak Azpeitiko zezen-plaza bete zuen atzo (uztailak 22, igandea). Hogei errekortarik hartu zuten parte atzoko finalaurrekoan, eta beste hogei lehiatuko dira abuztuaren 1ean Lodosan (Nafarroa) izango den beste finalaurrekoan. Atzo sailkatutako zortzi errekortariak eta Lodosan sailkatuko diren gainerako zortziak lehiatuko dira abuztuaren 12an Tafallan (Nafarroa) izango den finalean. Irabazleak 6.001 euroko saria eskuratuko du.
Atzoko saioan, ondorengo errekortariak sailkatu ziren Tafallako finalerako: Ricardo Osta, Oscar de Luis, Simon Gomez, Ivan Peña, Carlos Alonso, Jose Ortega, Juan Jose Martinez Majete eta Jose Maria Navarro Chipu.
Peñak ezusteko bat izan zuen hirugarren zezenean. Errekortea egitera zihoala zezenak lurretik altxatu egin zuen eta kolpeak eragin zizkion gorputzeko hainbat ataletan. Ez zuen zauri larririk izan, baina Mendaroko (Gipuzkoa) erietxera eramatea erabaki zuten azterketa medikua egitera. Bestalde, Navarrok ez zien kale egin Azpeitiko jarraitzaileei; errekortari beteranoa aurreko urteetatik ezaguna da herrian, eta jendeak bere saiakera guztiak txalotu zituen eta, azkenean, Tafallako finalerako zortzigarren sailkatzea lortu zuen.
Saltillo (Kordoba, Espainia) gandutegiko bost zezenek ikuskizun polita eskaini zuten. Lehen zezenak ezustekoa eman zuen, kailejoira salto egin eta buelta osoa eman baitzion. Dena dela, hirugarren zezena izan zen ikusleen eta errekortarien oniritzia lortu zuena. Errekortariek, salto eta errekorte politak egiteko aukera izan zuten hirungarrenarekin. Laugarren zezena mantsoa atera zen, eta ondorioz, txapelketako epaimahaiak soberako zezena ateratzeko agindu zuen. Saltillo ganadutegiko zezena Herederos de Miguel Makua (Larraga, Nafarroa) ganadutegiko zezenak ordezkatu zuen.