Abuztuko albisteak, motzean

Uztarria.com 2007ko ira. 3a, 13:09

San Inazio festen balorazio ona egin zuten, herritar bat atxilotu zuen Ertzaintzak Donostian, Aranagak ez du segituko Euskaltelen...

Uztarria.com-ek hileko albisteen bilketa egin du

Abuztuak 1: Errazkinek harrera Ibarretxeri. Iñaki Errazkin (EAE-ANV) alkateak Juan Jose Ibarretxe Eusko Jaurlaritzaren lehendakaria hartu zuen Azpeitian. Lehendakaria San Inazio bigarrengoz etorri ohi da. Frankismoaz geroztik, aurten izan da lehen aldia EAJkoa ez den alkate batek hartu duena Jaurlaritzaren burua. Errazkinek ezker abertzaleak gatazka politikoaren konponbiderako egina duen Anaitasunako proposamena eman zion Ibarretxeri.

Abuztuak 1: presoen alde. Euskal presoen alde elkarretaratzea egin zuten Loiolako basilikaren aurrean, ohi bezala, festetako prozesio garaian.

Abuztuak 2: adio saninazioei. Saninazioak bukatu ziren, gauean.

Abuztuak 2: langile bat hil Hazparnen. Langile bat hil da Hazparneko (Lapurdi) Hazketa zabortegian, elektrokutatuta. Kanbokoa (Lapurdi) zen, 25 urte zituen eta zarama biltegiko argi sistema konpontzen ari zen. Azpeitia eta Hazparne seniduta daude 80ko hamarkadatik.

Abuztuak 4. Festen balorazio ona. Saninazioen balorazioa “oso positiboa” izan dela zioten Udaleko Festa Batzordeak eta Gaztetxeko Jai Batzordeak.

Abuztuak 7. Lagun Onak futbol klubak berrikuntzak. Lagun Onak Hirugarren Mailako gizonezkoen futbol taldeak berrikuntza asko izango ditu denboraldi honetan jokalarien artean, bederatzi jokalarik taldea utzi dutelako eta zortzi jokalari berri hasi direlako. Emakumezkoetan, hirugarren taldea osatu du. Espainiako Ligako Bigarren Mailako taldeari eta futbol 8ko kadeten taldeari Erregional Mailako jubenil taldea gehituko zaio denboraldi honetan.

Abuztuak 8. Iraurgiren fitxaketak. Iraurgi SBk Txus Mateo, Jose Antonio Cavada, Igor Vara eta Jorge Leon jokalariak fitxatu dituela jakinarazi zuen, eta Joseba Ibargutxik ez duela segituko —Torreviejan ariko delako—. Xabier Osak, Asier Urbietak, Asier Tejerinak eta Eñaut Aranbarrik taldean jarraituko dute. Iraurgik EBA Ligako denboraldia irailaren 23an hasiko du, Oviedon. Irailaren 30ean jokatuko du etxeko lejen partida, Sarriaren kontra.

Abuztuak 8. Emakume bat atxilotua Hazparnen. Ustezko etakide baten emaztea atxilotu du Hazparnen (Lapurdi) Frantziako Poliziak goizean, eta kargurik gabe aske utzi arratsaldean. Lourdes Garai da atxilotu dutena, Jose Maria Zaldua Korta ustezko etakidearen neska-laguna. Azpeitia eta Hazparne seniduta daude 80ko hamarkadatik.

Abuztuak 9. Azterketa geoteknikoa plazan. Azterketa geoteknikoa egiten jardun zuten plazan. Azterketaren bidez, etorkizun batean plazan lurpeko aparkalekuak egin ote daitezken jakingo dute. Plazako lau gunetan hamar metro zulatu eta lurrazpiko hainbat kapatako laginak jaso dituzte. Oraindik, ordea, ez dago erabakita plaza azpian aparkalekuak egingo dituzten.

Abuztuak 15. Azpeitiar bat atxilotua Donostian. Ertzaintzak 20 urteko azpeitiar bat (X.U.A.) atxilotu zuen Donostian goizean, Parte Zaharrean, kale erasoekin lotura zuela egotzita. Hilaren 14tik 15erako gauean, hainbat eraso egin zituzten ezezagunek Donostian. Epailearen aurretik pasatu ondoren, libre geratu zen azpeitiarra hilaren 15ean bertan, baina epaiketaren zain dago.

Abuztuak 20. Eliz Kalea ere hiritartzeko obrak. Parte Zaharra hiritartzeko proiektuaren barnean, Udalak Eliz Kalea itxi egin zuen autoentzat, lanekin hasteko. Lehen fasean, Perez Arregitik parrokira arteko zatian egingo dituzte obrak. Orain arte Plaza Txikian, Enparan Kalean eta Perez Arregin jarri dute galtzadarria.

Abuztuak 21. Aranagak ez du segituko Euskaltelen. Andoni Aranaga txirrindulariak ez du jarraituko Euskaltel-Euskadi taldean, Miguel Madariaga klubaren managerrak jakinarazi zuenez. Aranagak bi urterako kontratua sinatu zuen 2005. urtearen bukaeran. Belgikan hasi zen profesionaletan, 2004an, Chocolades Jacques taldean —garaipenik ez—. 2005ean Kaiku taldean aritu zen, eta bi garaipen lortu zituen: Murtziako eta Asturiasko itzulietan. Handik fitxatu zuen Euskaltel-Euskadik, eta hemen aritu da 2006an eta 2007an; ez du garaipenik lortu.

Abuztuak 25. Lagun Onak-ek 0-0 lehen partidan. Lagun Onak Espainiako Hirugarren Mailako taldeak 0-0 egin zuen denboraldiko lehen partida ofizialean, etxean, Baskoniaren kontra.

Abuztuak 29. 111 lagun odola ematen. Hileko azkeneko asteazkenetan bezala, odol-ematea egin zten anbulatorioan. Odo-emaileen Elkarteak dei berezia egin zuen ordurako A edo O odola dutenen artean, eta 111 lagunek eman zuten odola. Oso gustura geratu ziren antolatzaileak.

Abuztuak 30. Bruesaren partida Azpeitian. Bruesa Donostiako saskibaloi taldeak lagunarteko partida jokatu zuen Azpeitiko kiroldegian, Ford Burgosen kontra. Biak Espainiako LEB Ligan ariko dira denboraldi honetan —iaz Bruesak ACBn jokatu zuen—. 87-79 izan zen partidako emaitza, Bruesaren alde. Iraurgi SBk Lolo Encinas lehen taldearen entrenatzaile ohia omendu zuen.

Abuztuak 31. Ibai-Eder urtegia %73,87n. Abuztuan (ere) euri asko egin du, eta hilaren azkeneko egunean (27an berritu zuten datua) Ibai-Eder Nuarbeko urtegia %73,87 zegoen beteta.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide