Lurrun trenen hiru zerbitzu eskainiko dituzte asteburuan

Uztarria.eus 2007ko ira. 5a, 14:09

Larunbatean 12:30ean eta 18:00etan, eta igandean 12:30ean egingo ditu ibilaldiak lurrun trenak

Aldaketak egingo dituzte trenaren museoaren ordutegian irailaren 1etik urriaren 31ra bitartean

Eusko Tren sozietate publikoaren Trenaren Euskal Museoak lurrun trenen hiru zerbitzu eskainiko ditu asteburuan. Bi ibilbide egingo ditu lurrun trenak larunbatean. 12:30ean izango da aurrenekoa eta 18:00etan egingo dute bigarrengoa. Igandean, berriz, ibilaldi bat egingo du trenak eta 12:30ean izango da.

Ibilbideak burutzeko balio historiko handiko material mugikorra erabiltzen dute trenaren museokoek. Aurrera izeneko 100 urte baino gehiagoko lokomotorea, Espinal 1887an eraikitako bide metrikoko makina zaharra, Portugal Espainiar estatuko bide estuko lurrun lokomotorarik indartsuena eta Euzkadi 1921ean eraikitako iparraldeko bide metrikoaren modelo esanguratsuenetakoa dira, besteen artean, ibilbidea ezaugarritzen duten elementu aipagarrienetako batzuk. Bidaiari-bagoien artean, berriz, Pagoa eta Aritza dira nabarmenenak. 1925ean eraiki zituzten Urolako trenean erabiltzeko.

Ordutegian aldaketak

Irailaren 1etik urriaren 31ra bitartean, aldaketak izango dira Trenaren Museoaren ordutegian. Asteartetik ostiralera 10:00etatik 13:30era egongo da zabalik museoa; jaiegunak ez diren larunbatetan, berriz, 10:30etik 14:00etara; eta igande eta jaiegunetan (astelehenak izan ezik) 10:30etik 14:00etara.

Euskadiko trenbidearen historia ezagutaraztea da Trenaren Museoaren funtzioa. Iraultza industrialarekin abian jarri ziren lehen trenetatik hasi eta Bilboko metroko unitate modernoetaraino erakutsiko zaizkie museora bertaratzen diren bisitariei.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide