Kevin Vaccarin izango da Lan Mobel ISBko antolatzaile berria

Urola Kostako Hitza 2007ko ira. 6a, 11:09

Vaccarin (goian, ezker-ezkerrean) eta Lan Mobel taldea larunbateko partidua irabazi ondoren.

Fitxaketa berri honekin 2007-2008 denboraldirako taldea finkatuta geratu da

Irailaren 22an hasiko dute denboraldia (Urola Kostako Hitza)

Denboraldi aurreko saioan murgilduta dagoen Lan Mobel ISB saskibaloi taldeak Kevin Vaccarin paristarra fitxatu berri du, antolatzaile postuan jokatzeko. 2007-2008 denboraldian, beraz, Txus Mateo eta Kevin Vaccarin izango dira Lan Mobel ISB taldean antolatzaile postuan ariko direnak.

Kevin Vaccarin 24 urte dituen eta 1,92 metro neurtzen dituen paristarra da; orain arte Frantziako saskibaloiko goren mailan ibilia da. Kanaria Uharteetako saskibaloi talde baten eskaintza ere izan duela azaldu du Jose Luis Zubizarreta zuzendariak, baina etxetik gertuago egotean, Lan Mobelekoen eskaintza onartu du.

Azken asteetan buru-belarri zebiltzan Iraurgikoak Txus Mateoz gain antolatzaile posturako beste norbait inguratu nahian. Hala, lehengo astean Latrice Little estatubatuarra izan dute probak egiten, baina ostiralean jakinarazi zuen zuzendaritzak estatubatuarra ez zutela fitxatuko.

Larunbatean jokatu zuen, proba modura Vaccaronek Lan Mobel ISBrekin lehen aldiz, eta atzo hartu zuen zuzendaritzak Vaccaron fitxatzeko erabakia. Honela, 2007-2008 denboraldian EBA ligan jokatuko duen taldea finkatu dute.

Denboraldi aurrekoan murgilduta

Abuztuaren 13an hasi zen entrenatzen taldea eta abuztuaren 25etik ari da denboraldi aurreko partidak jokatzen.

Orain arte denboraldi aurreko hiru partida jokatu ditu EBA ligako taldeak eta horietatik bi irabazi ditu. Asteburu honetan, berriz, larunbatean Baionan jokatuko dute hango taldearen aurka; igandean Pielagos hartuko dute etxean, 17:00etan. Irailaren 12an Urretxun jokatuko dute maila bat beheragoko Goierriren aurka, 20:30ean. Eta irailaren 15ean eta 16an Azkoitian izango den Euskal Kopan jokatuko dute.

Denboraldiko aurreko partida denak doan izango dira. Denboraldiko partidetarako, berriz, bazkide egiteko aukera dago. Bazkide txartela kantxan ipiniko diren mahaietan edota Iraurgi Saski Baloi tabernan egin daiteke: gazteek 10 euroan, ohorezko bazkideek 30ean eta gainerakoek 50 euroan.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide