Ikastaroak han eta hemen

Uztarria.eus 2007ko ira. 7a, 14:09

Musika, eskulanak, kirola eta beste hainbat eratako ikastaroak antolatu dituzte.

Gaur, ostirala, izango da Musika Eskolan matrikulatzeko azken eguna

Udal Kirol Patronatuak eta Emakumearen Mahaiak ere ikastaro desberdinak antolatu ditu kurtso berrirako

Ikasturte berriarekin ikastaro ugari antolatzen dira batean eta bestean. Azpeitian ere badago zer aukeratua. Musika, esku lanak, kirola eta beste hainbat eratako ikastaro antolatu dituzte eta matrikulazio kanpainekin hasita daude asko eta asko.

Juan de Antxieta Musika Eskolan, esaterako, gaur izango da izen emateko azken eguna. Ikasleek matrikula agiria bete eta guraso edo tutorearen sinadurarekin aurkeztu beharko dute Musika Eskolaren egoitzan, Perdillegi 1ean, 10:30etik 12:30era edota 17:30etik 19:30erako ordutegian. Nahiz eta ikasketa gehiago edo gutxiago hartu, matrikula oro 21 euro kostatuko da. Behin matrikulazioak amaituta, datorren astelehenean, irailaren 10ean, hasiko dute ikasturtea. Bide batez, gaur banatuko dituzte ikastaroen ordutegiak.

Udal Kirol Patronatuak ere prestatu du ikasturte berrirako eskaintza. Denera, 17 kurtso eskainiko dituzte, igerilekuan, kiroldegian eta Izarraitz frontoian banatuta. Kirol Patronatuak urtero egin izan duen moduan, aurten ere bi eratako kurtsoak antolatu dituzte maiztasunari dagokionean. Hileroko ikastaroak izango dira, batetik, eta urte osokoak, bestetik. Hileroko ikastaroen artean daude heldu eta haurrentzako igeriketa, aerobica, spinninga, adin guztientzako gimnasia, pilates, matroigeriketa eta funky hip hop. Urte osoan zehar, berriz, adin nagusikoentzako gimnasia, saloiko dantzak eta erremontea izango dira. Erremonte ikastaroa izango da Izarraitz frontoian eskainiko duten bakarra. Interesatuek inskripzio orria bete eta igerilekuaren edo kiroldegiaren harrera-lekuan entregatu beharko dute. Ikastaroen inguruko informazio gehiago nahi izanez gero ondoko telefonoetara deitu behar da: 943 814121 edota 943 813069.

Musika eta kirolaz haratago, eskulanei ere tartea egin nahi izan die Udalak eta Emakumearen Mahaiaren bitartez hainbat ikastaro antolatu dituzte. Gurutze puntua, puntoa, makinako bordatuaren inguruko ikastaroak eskainiko ditu, esaterako, Rosario Ibaetak (943 812862) astelehen eta ostegunetan. Asteartetan, berriz, Arantxa Sistiagak (656788246) bolilloa egiten irakatsiko du. Asteazken eta ostiraletan ebaketa eta jantzigintzaren inguruko ikastaroa eskainiko du Maite Ostrak (943 812464). Baina eskulanez gain, formazio ikastaroak ere antolatu ditu Emakumeen Mahaiak. Astrologia psikologikoa, antzerkia, chi-kung eta gitarra ikastaroa, hain zuzen. Ikastaro hauetan izena eman nahi duenak Gizarte Zerbitzuetako telefono zenbakira (943 157192) deitu beharko du irailaren 21a baino lehen.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide